Gizartea -
Errentaren arabera
Ume bakoitzeko diru-laguntzak apirilaren 1ean banatzen hasiko dira
Toñak adierazi duenez, lan-ereduak kontziliazioa lagundu eta familiek “seme-alaba bat edo bi bakarrik izan beharrean, hiru edo lau” ume izatea ahalbidetu beharko luke zerga-sistemak.
Erredakzioa
Gurasoen errentaren arabera seme-alaba bakoitzeko diru-laguntzak apirilaren 1ean hasiko dira banatzen. Horrek diru-sarrera txikienak dituzten familiei mesede egingo die, Eusko Jaularitzak ziurtatu duenez.
Gobernu Kontseiluak diru-laguntzen dekretu berria onartu du gaurko bileran. Laguntza berriak datorren hilean sartuko dira indarrean, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak jakitera eman duenez.
Data horretatik aurrera, bigarren seme-alaba duten EAEko gurasoek laguntza diru-sarreren arabera jasoko dute. Irizpide berdina lehen umearen kasuetan aplikatzen da jadanik. Horrela, errentarik txikienek Administrazioaren babesa handiagoa izango dute. Diru-sarrera handienak dituzten familiek, ostera, diru gutxiago jasoko dute.
Gizarteak araudia aldatzea eskatzen zuela azpimarratu du Toñak, baina “diru-laguntza unibertsalak izan behar direla dioten aurkako ahotsak” izatea onartu du sailburuak, PPren eta UPyDren kritikei erreferentzia eginez.
Kontziliazioa eta jaiotza-tasa
Familia politiken inguruan Jaurlaritza “gogoeta sakona” egiten ari dela ziurtatu du sailburuak, Euskadik “jaiotza arazo larriak” dituelako, baina “aurrekontu bati lotutako laguntzekin” bakarrik konponbiderik lortuko ez dutela ohartarazi du. Diru-laguntzekin “baliabide gutxi dituzten familiak lagundu” nahi dituztela gaineratu du.
Toñak adierazi duenez, lan-ereduak kontziliazioa lagundu eta familiek “seme-alaba bat edo bi bakarrik izan beharrean, hiru edo lau” ume izatea ahalbidetu beharko luke zerga-sistemak. “Hori herriarentzat ona litzateke”, esan du sailburuak.
Era berean, kontziliazioari laguntzeko dekretu bat onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horiek ere errentaren arabera banatuko dituzte, baina berritasun nagusi bat dute: lanaldiaren murrizketa 8 urtetik 12ra luzatzeko aukera izango du aita batek.
Bestalde, familia ugariek seme-alabak zaintzeko norbait kontratatzen baldin badute diru-laguntza bat jasotzeko aukera izango dute, baita gurasoetako batek lanaldiaren murrizketa duen kasuetan ere. Orain arte kategoria bereziko familia ugariek zuten aukera soilik.
Sailburuak jakinarazi duenez, iazko martxoa eta abuztua bitartean eskatu zituzten kontziliazio laguntzak banatzen hasi dira; 12,4 milioi euroko 12.000 bat espediente. Ezin izan zituzten garaiz banatu 2014ko aurrekontua agortu zelako.