Gizartea -
Otsaileko uholdeak
Kaltedunei laguntzeko salbuespenezko neurriak onartu ditu Jaurlaritzak
Finantza entitateek pertsona edo enpresa kaltedunei ematen dizkieten maileguen interes-tasak murriztuko dituztela azaldu du Ana Oregi Ingurumen sailburuak.
Erredakzioa
Otsailaren amaieran Euskadiko zenbait zonaldetan izan ziren uholdeetan galerak izan zituzten pertsona zein entitateei laguntzeko salbuespenezko neurriak onartu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak dekretu batean.
Gobernu Kontseilua bildu eta gero Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak gaur azaldu duenez, finantza entitateek pertsona edo enpresa kaltedunei ematen dizkieten maileguen interes-tasak murriztuko dituzte.
Maileguaren gehienezko zenbatekoak ez du balizko inbertsioen balioa gaindituko diru-laguntzetan. Ibilgailuen kasuan, 2.500 euroko diru-laguntza zuzena emango dute berri bat erosteko.
Laguntza osagarriak eta bateragarriak
Diru-laguntzak aseguru-etxeen kalte-ordainen osagarriak izango dira. Uholdeek nekazaritzan, industrian, merkataritzan, zerbitzuetan, ostalaritzan, turismoan, eraikuntzan, etxebizitzetan eta ibilgailuetan eragindako kalteak arintzeko bideratuko dituzte.
Kalteen balorazio ekonomiko orokor bat egin ez dutela onartu du Oregik. Hala ere, neurriak modu koordinatuan hartu behar zirela defendatu du sailburuak. Horregatik, Ingurumen eta Lurraldeko Politikarako Sailak, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Sailak, Enplegu eta Gizarte Politikarako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailak eta Segurtasun Sailak parte hartu dute.
Beste administrazio publikoek bideratzen dituzten laguntzekin bateragarriak izango dira Gasteizko Exekutiboaren neurriak. Hala eta guztiz ere, partikular bakoitzak Jaurlaritzari kalteak jakinarazi beharko dizkiola gogorarazi du.
Kalteen balioztatzea eta erantzuna
EAEko Administrazio Publikoak kalteen existentzia egiaztatu eta zenbatekoa ofizioz zehaztuko du; izan ere, aseguru-etxeen partzuergoari balioztatze bat eskatzeko gaitasuna du.
Eskakizunak aurkeztu eta hiru hilabete izango dute erakundeek erantzun bat emateko. Epe hori igarota, ebazpenik jaso ez bada eskaerak atzera bota dituztela ulertu beharko dute eskatzaileek.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 800.000 euroko partida bideratuko du otsailean lurraldean izandako elur denboraleak eta gerora izandako uholdeek errepideetan utzitako kalteak konpontzeko.