Gizartea -
Elur eta euri denboralea
Denboralearen kalteak konpontzeko 800.000 euro bideratuko ditu Arabak
Tresponde eta Mendoza eta Mendoza eta Martioda arteko bideak konponduko dituzte, uholderik balego komunikazioa bermatzeko.
Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak 800.000 euroko partida bideratuko du otsailean lurraldean izandako elur denboraleak eta gerora izandako uholdeek errepideetan utzitako kalteak konpontzeko.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak gogorarazi duenez, urtarrilaren 30etik otsailaren 13ra elur eta euri denboralea izan zen Araban. Elurtearen ondorioz, "lur-jausiak" izan ziren nonahi, eta uholdeek kalte nabarmenak utzi zituzten Arabako hainbat errepidetan.
Zadorra ibaiak gainezka eginda, Tresponde eta Billoda kontzejuak inkomunikatuta geratu ziren. De Andresen hitzetan, bi herriotako bizilagunek "oso kaltetuta dauden bide alternatibo batzuk dituzte, baina, euriteen ondorioz, are gehiago narriatu dira bideok. Konpondu egin behar ditugu".
Hala, honako errepide hauetan izandako kalteak konponduko dituzte aurrena: A-624 (Altube-Artziniega batzen dituena, Larrinbe parean), A-132 (Azazetako mendatea), A-3941 (Oleta eta Kruzetako mendatearen artekoa), A-2620 (Aramaio parean) eta A-4144 (Musiturako sarbidea).
Horrez gain, Trespondetik Mendozara doan bidea eta Mendozatik Martiodara doana konponduko dituzte, berriro uholderik bada, herrion arteko errepide bidezko komunikazioa "egokia" izan dadin.
Azkenik, Billodan, sarbidearen gainaldea altxatzeko aukera ote dagoen aztertuko dute, Zadorra ibaiak gainezka egiten duenean errepidea urpean gera ez dadin.