Gizartea -
Eguraldia
Gasteizko Udalak elurteei aurre egiteko plana abiatu du
Arabako hiriburua zurituta esnatu da, eta Herrera eta Bernedo mendateak, itxita.
Erredakzioa
Elurra protagonista da berriz Gasteizen eta Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat puntutan.
Arabako hiriburuan, Udalak elurteei aurre egiteko plana jarri du martxan, larrialdi aurreko fasean; izan ere, mara-mara aritu da, eta zuritu egin du.
Gasteiz 500 metroko altueran dago, eta, Udalaren arabera, eguerditik 800-1.000 metrora igoko da elur-kota.
Arabako Foru Aldundiak ere abiatu du elurteen aurkako plana, larrialdi fasean, errepideak garbi egon daitezen.
Lehen mailako errepide sare osoa irekita dago, baina, bigarren mailakoan, itxita daude Herrera eta Bernedo mendateak. Gainera, Azazetan eta Opakuan kateak behar dira zirkulatzeko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, mendate hauetan arreta handiz gidatu behar da: Altube, Urduña, Zaldiaran, Kruzeta, Etzegarate, Arlaban, Gatzaga, Deskarga, Bidania eta Barazar.
Nafarroan, 800 metrora egin du elurra, baina kota 1.500-1.600 metrora igoko da hurrengo orduetan. Tenperaturak jaitsi egingo dira hegoaldean, eta berdintsu jarraituko dute gainerako tokietan.