Gizartea -
Krisiaren biktimak
Nafarroako Parlamentuak babesa agertu die Miren Peñaren senideei
Ganberak finantza erakundeen "jarrera" deitoratu du, etxegabetzeak gertatzea "ahalbidetzen" dutelako.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak "babesa eta elkartasuna" adierazi diete Miren Peña larunbatean Antsoainen bere buruaz beste egin zuen emakumearen senideei eta lagunei.
Hipotekak Kaltetutakoen Plataformaren (PAH) arabera, Laboral Kutxak hipoteka berriz negoziatzea ukatu ziolako egin zuen bere buruaz beste emakumezkoak.
Hori horrela, Bilduk, Aralarrek eta Izquierda-Ezkerrak adierazpen instituzional bat aurkeztu dute Ganberako Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean. Bertan azaldu dutenez, Faurecia konpainiak kaleratu egin zuen emakumezkoa duela bi urte, eta bankuaren erabakiak "etxegabetzea" ekarriko zion.
Parlamentuko organoek aho batez onartu dute adierazpena, eta gertatutakoa "sistema ekonomiko eta araudi bidegabeari" egotzi diote.
Ganberak salatu egin du "finantza erakundeen jarrera", etxegabetzeak "ahalbidetzen" dituelako. Gainera, "pertsona guztiek etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea" eskatu dio Foru Gobernuari.