Gizartea -

Istripua Frantziako Alpeetan

Ikertzaileak kutxa beltzeko 'audio artxibo' bat aztertzen ari dira

Espainiako Gobernuak dio 51 direla espainiar nazionalitateko hildakoak, baina Germanwingsek 35era jaitsi du zenbakia. Hegaldia hegazkin pilaketagatik atzeratu zela adierazi du Lufthansak.

Hegazkina erori den lekua. Argazkia: EITB
Hegazkina erori den lekua.
Oraingoz helikopteroz soilik egin daitezke erreskate lanak

1:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegazkineko kutxatik ?audio artxibo erabilgarri? bat atera ahal izan dute ikertzaileek asteazken honetan, baina ondorio fidagarrietara heltzeko ?asteak edo hilabeteak? beharko dituztela uste dute.

Horrela, istripuaren ikertzaileek bi albiste eman dituzte: albiste ona, hegazkinak ezbeharra izan baino lehen kabinan gertatutakoaren audio grabazioa berreskuratu dute. Eta albiste txarra, zer gertatu zen ez dakitela oraindik.

Adituak hegazkinaren kutxa beltzetako bat aztertzen ari dira jada, Parisen, eta baliteke gaur arratsaldean bertan izatea lehen datuak, Frantziako Fiskaltzak azaldu duenez.

Hegazkin batek bi kutxa beltz ditu: pilotuen solasaldiak grabatzen dituena eta hegaldiaren datu teknikoak biltzen dituena. Grabazioak dituena da topatu dutena; bestea ez dute oraindik aurkitu, baina Hollandek iragarri du kutxa beltz horren estalkia aurkitu dutela dagoeneko.

Aurkitu duten horren kasuan, ikertzaileek dagoeneko lortu dute informazioa ateratzea.

Hala ere, hegazkinaren arrastoak aztertzen ari diren ikertzaileek "asteak edo hilabeteak" beharko dituzte ezbeharraren inguruko ondorio fidagarriak ateratzeko.

Izan ere, kabinan gertatu zenaren ingurukoa ulertzeko "asteak edo hilabeteak" beharko dituztela aitortu du Remi Jouty Ikerketa eta Analisi Bulegoko zuzendariak prentsaurreko batean.

Frantziako, Alemaniako eta Espainiako agintari nagusiek agerraldia egin dute gaur, 150 hildako eragin dituen hegazkin istripuaren aurrean elkarlanean arituko direla erakusteko.

Lufthansak dio hegazkin pilaketagatik atzeratu zela hegaldia

Carsten Spohr Lufthansaren presidenteak espero du "berehala" argitzea zerk eragin zuen Germanwingsen hegaldiaren istripu "latza", bi kutxa beltzen informazioa aztertu ostean. Horietako bat dagoeneko aurkitu dute, eta bestearen bila ari dira.

El Prateko aireportuan bertaratu da Lufthansaren presidentea, biktimen senideei dolua agertzera, eta prentsaurrekoa ere eman du.

Gustura agertu da lehenengo kutxa beltzari esker audioak "landu" ahal izango dituztelako, eta bigarren kutxa beltza "berehala" aurkituko duten esperantza agertu du, ezbeharraren "ikuspegi osoa" edukitzeko.

Dena dela, "ulertezin"tzat jo du ezbeharra, eta konpainia osoa "shock" egoeran dagoela azpimarratu du.

Hegaldiak ordu erdiko atzerapena zergatik izan zuen galdetuta, une horretan aireportuan zegoen hegazkin pilaketagatik izan zela erantzun du, eta Airbusaren baldintza teknikoak "ezinhobeak" zirela berretsi du, aurreko egunean ikuskatu zutela, eta pilotuek esperientzia handia zutela.

Hegazkinak lurra jo aurretik larrialdi mezuren bat igorri ote zuen ere galdetu diote enpresariari, eta Frantziako agintariek esandakora mugatu da; izan ere, ukatu egin zuten halakorik.

Bestalde, Marseillara bi hegaldi berezi eskainiko ditu Lufthansak ostegun honetan, Düsseldorfetik eta Bartzelonatik, bidaiarien senideentzako eta lagunentzako.

Hala ere, senitarteko batzuk autobusez abiatu dira gauean Castelldefelseko Don Jaime hoteletik. Psikologoek bertan artatu zituzten asteartean. Horrela, 14 senide eta Gurutze Gorriko eta larrialdi sistemetako 11 kide 21:00etan abiatu dira Marseillara.

Espainiar nazionalitateko 51 biktima

Espainiako Gobernuak espainiar nazionalitatea zuten 51 biktima identifikatu ditu hegazkin bat Frantziako Alpeetan erorita hildako 150 pertsonen artean.

Francisco Martinez Segurtasuneko Estatu idazkariak egin du iragarpena goizean, Mariano Rajoyren Exekutiboak eratutako krisi mahaiak Moncloako Jauregian egindako bileraren ostean, eta 49 zirela esan badu ere, gero zabaldutako prentsa-ohar batean, 51ra igo dute kopurua.

Nolanahi ere, Germanwings konpainiaren esanetan, istripuan hildako espainiarrak 35 dira. Hori bai, hainbat pertsonak nazionalitate bikoitza zutela zehaztu du. Hori izan liteke datuen arteko aldearen azalpena.

Hildakoen artean Bartzelonan bizi den nafar bat dago. Rogelio Ofizialdegi da bera, 62 urtekoa, eta Delphi enpresak Kataluniako hiriburuan duen Giza Baliabideetako zuzendaria da. Oraingoz ez dago argi euskal herritar gehiagorik dagoen biktimen zerrenda.

Erreskate lanak

Erreskate eta bilatze taldeek lanarekin jarraitu dute asteazkenean, asteartean Bartzelona-Düsseldorf bidea egiten ari zen Germanwings konpainiako hegazkina erori zen tokian, Frantziako Alpeetan.

Ibilgailu mugimendua 07:00etan (Euskal Herriko ordua) areagotu da bertan, batik bat Seyne-les-Alpes herriaren inguruetan.

Pierre-Henry Brandet Frantziako Barne Ministerioaren bozeramaileak azaldu duenez, lekua prestatzen ari dira, helikopteroak bidali ahal izateko.

Agintariek itxaropen handirik ez dute, hegazkinean zihoazen 148 pertsonak hilik daudela uste baitute, eta segurtasun eremu handia ezarri dute.

 

mapa istripua EITB

mapa istripua EITB

Istripua izan den tokia. Argazkia: EITB.

'Eskarmentu handiko pilotu batek zeraman'

Ohar batean, Lufthansak azaldu du oraindik ez dakiela istripua zergatik gertatu den. Meteo France zerbitzuak azpimarratu du baldintza meteorologiko onak zeudela istripua izan den unean. "Baldintza onak ziren, zerua oskarbi izan dugu goiz osoan zehar", adierazi dute.

Frantziako Gobernuak ez du hipotesirik baztertu, ezta atentatu terroristarena ere, baina ukatu egin du atentatuarena "hipotesi nagusia izatea".

Germanwings enpresako zuzendari exekutibo Tommas Wilkelmannek zehaztu du 10:53ean galdu zutela komunikazioa hegazkinarekin. Une horretan, 6.000 oineko altueran zegoen, baina zortzi minutu geroago lurra jo zuen.

"Eskarmentu handiko" pilotu batek gidatzen zuen hegazkina, Wilkemannen hitzetan, eta hegazkina azken aldiz atzo bertan ikuskatu zutela gaineratu du. "Azkenekoz, 2013ko udan egin zioten hegazkin horri azterketa sakona".

Airbusek "gertatutakoa ikertu" egingo du, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko, enpresa horretako bozeramaile batek azaldu duenez. A320 Airbus hegazkin konpainiaren modelo ezagunena da, eta mundu osoan horrelako 6.191 hegazkin daude.

Hegazkinaren antzinatasuna

Alvaro Gammicchia Aireko Linietako Pilotuen Sindikatu Espainiarreko idazkariak ukatu egin du A320 hegazkinaren antzinatasunak (1991n hasi zen martxan) "arriskua areagotu" edo "istripuren bat izateko probabilitatea handitu" izana.

"Hegazkinek etengabeko kontrolak pasatzen dituzte, eta mantenu eta ikuskapen epe guztiak betetzen dituen heinean, hegan egiteko moduan dago, hau da, fabrikatik atera berria den hegazkin bat bezain segurua da", gaineratu du.

Biktimen senideen arretarako telefonoak

Espainiako Gobernuak telefono zenbaki bat jarri du abian, biktimen senideentzat: 913 948 900. Horrez gain, helbide elektroniko bat ere izango da erabilgarri: unidaddecrisis@maec.es.

Kataluniako Generalitateak 012 (Kataluniako bizilagunentzat) eta 902 400 012 (kanpokoentzat) telefono zenbakiak jarri ditu abian.

Germanwings enpresak doako bi telefono zenbaki jarri ditu: 0800 11 33 55 77 (Alemania) eta 900 808 890 (Espainia). "Germawings eta Lufthansako langile guztiak atsekabeturik gaude. Gure pentsamenduak eta otoiak bidaiarien eta tripulatzaileen senideekin daude", adierazi du konpainiak.

Alemaniako Gobernuak ere abian jarri du telefono zenbaki bat: 0049 30 5000 3000.

AENAk Bartzelonako aireportuko bigarren terminalean hartuko ditu hegaldi horretako biktimen senideak. Dagoeneko senide batzuk berturatu dira.

Germanwings enpresak 1,9 milioi bidaiari eraman zituen iaz Espainian, AENAk zabaldutako datuen arabera. Enpresa horrek egunero egiten du Bilbo eta Düsseldorf arteko hegaldia, larunbatetan izan ezik. Azken hegaldia normaltasunez atera zen atzo Loiuko aireportutik, 13:14an.

Iazko azaroan ere, arazoak izan ziren

Iazko azaroan, Bilbotik Munichera 109 bidaiari zeramatzan hegazkin bat lurrera jausteko arriskuan izan zen, Der Spiegel egunkariak kaleratutako albiste baten arabera.

Antza denez, 9.000 metroko altueran zegoenean, hegazkina minutuko 1.000 metro erortzen hasi zen. Orduan, pilotuek hegazkineko ordenagailua amatatu, eta eskuz kontrolatu behar izan zuten, arazo teknikoren bat tarteko. Azkenean, baina, arazorik gabe lurreratu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona argazkiak