Gizartea -
Alpeetako hegazkin istripua
Lubitz bajan zegoen, baina enpresari ezkutatu egin zion
Düsseldorfeko Fiskaltzak jakinarazi duenez, apurtutako baja-agiriak topatu dituzte haren etxean. Halaber, tratamenduan zegoela frogatzen duten dokumentuak ere aurkitu dituzte.
I. GOMEZ | O. AIESTARAN | EITB.EUS
Düsseldorfeko Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, Andreas Lubitz pilotua bajan zegoen, baina informazio hori ezkutatu egin zion Germanwings enpresari, baita tratamenduan zegoela ere. Poliziak apurtutako baja-agiriak aurkitu ditu kopilotuaren etxean. Germanwings enpresak ohar bidez baieztatu du ez zuela Lubitzen baja-agiririk jaso.
Dena den, Fiskaltzaren iturriek ukatu egin dute Lubitzen etxean hark idatzitako agurreko eskutitzik aurkitu dutenik.
Halaber, iturri horiek zehaztu dute egunak beharko dituztela pilotuaren etxean aurkitutako dokumentuak aztertzeko.
Alemaniako Polizia Andreas Lubitz 27 urteko pilotuaren ibilbidea eta bizitza ikertzen ari da orain, Airbus320 hegazkina Alpeetan amiltzera zerk bultzatu zuen argitzeko. Eraso terroristaren aukera erabat baztertu dute.
Düsseldorfeko Fiskaltzak ikerketa bat zabaldu du hilketagatik eta orain ezbeharra eragiteko pilotuak izan zitzakeen arrazoiak argitzean jarriko dute arreta. Lubitzek bere formazioan etena egin zuen
Orain arte, jakina zen Andreas Lubitzek bere formazioa hilabete batzuez eten zuela 2009an. Dena den, atzo Carsten Spohr Lufthansako presidenteak ez zuen etenaldi horren arrazoien buruzko azalpenik eman.
Alemaniako zenbait egunkarik argitaratutakoaren arabera, pilotu ikasketetan goi-mailako ikaslea izandakoak bere formazioa sei hilabetez eten egin behar izan zuen 2009an.
Gaur ikerketako hainbat xehetasunen berri eman dute hainbat egunkarik, besteak beste, Lufthansa konpainiak kopilotuaren jarduna eten zuela hainbat hilabetez, "krisi existentzial" batek eragindako "depresio larri" bat tarteko.
The Times egunkari britainiarraren arabera, enpresak berak erabaki zuen Lubitzen formazio etetea, kopilotuak "depresioa" zeukala jakin ondoren.
Halaber, aipaturiko egunkariak berri eman duenez, Lufthansako pilotu eskolan egiten ari zen formazioa etetera behartua izan zen hainbat hilabetez, harik eta hilabete batzuk geroago entrenatzeko baimena eta pilotu gisa ebaluatzeko baimena jaso zuen arte.
Bestalde, Bild egunkari alemaniarrak bildutako informazioaren arabera, 2009an tratamendu psikiatrikoa jaso zuen 18 hilabetez, "depresio pasarte larria" tarteko.
Polizia, Andreas Lubitzen etxean. EFE
Segurtasun protokolo berriak
Hegazkin istripuaren ondoren, Lufthansa Taldeak segurtasun prozedura berria iragarri du eta aurrerantzean haren taldeko hegazki konpainietako -Lufthansa, Germanwings, Swiss, Brussels Airlines eta Austrian Airlines- hegaldi guztietan tripulazioko bi kide egongo dira, uneoro, kabina barruan. Prozedimendu berria berehala sartuko da indarrean Swiss konpainiaren hegaldietan eta gainerakoetan, berriz, ahalik eta azkarren ezartzen ahaleginduko dira.
Aurrerantzean, bi pilotuetako bat kabinatik irteten bada, tripulazioko beste kide bat sartuko da barrura pilotuetako bat kanpoan dagoen bitartean.
Halaber, Lufthansa Taldeak bere segurtasun egiturak zabalduko ditu eta segurtasun pilotuaren figura sortu du. Werner Maas komandanteak hartuko du postu berriko ardura.
Bestalde, beste hainbat hegazki konpainiek ere aldaketak iragarri dituzte kabinako segurtasun protokoloan . Hemendik aurrera, gutxienez bi lagunek joan beharko dute uneoro kabinan. Besteak beste, ondorengo konpainiek iragarri dute neurri berria: Easyjet, Alitalia, IcelandAir, Norwegian Airlines, WizzAir eta Air Canada.
Irailaren 11ko atentatuek aldaketak ekarri zituzten hegazkinen segurtasunean eta kabinaren barruko aldetik atea ixteko sistema ezartzea erabaki zen. Sistema horri esker, pilotuak atea barrutik ixteko eta blokeatzeko aukera du. Kanpoan dagoenak ezin du modu horretan kabinaren barrura sartu.
Andreas Lubitzek sistema hori erabili zuen kabina ixteko eta pilotuari kabinara sartzea oztopatzeko.
Amerikako Estatu Batuetako eta Europako legeak ez datoz bat kabinan erabili beharreko protokoloaren inguruan. AEBn derrigorrezkoa da kabinan gutxienez bi lagun egotea. Europan, berriz, legeak ez du horretara behartzen. Frantziako Alpeetan izandako istripuak inflexio puntu bat sortuko du puntu horretan.
Segurtasun neurri berriak ezartzeko gomendioa eman du gaur Europako Aire Segurtasuneko Agentziak (EASA). Horrela, hegazkinen kabinetan beti ?gutxienez bi pertsona izatea? gomendatu die aireko agintari nazionalei eta airelineei.
Pilotu frantziarrek salaketa bat jarriko dute hedabideetara egindako filtrazioengatik
Lineako Pilotuen Frantziako Sindikatu Nazionalak gaur iragarri duenez, epaitegietan salaketa bat aurkeztuko du ikerketari buruzko xehetasunak hedabideetara filtratu zirelako.
Hegazkinaren kutxa beltz baten edukiari buruzko xehetasunak hedabideetara filtratu dira. Are gehiago, atzo Marsellako Fiskaltzak lehendabiziko ondorioen berri eman aurretik, Le Monde edota The New York Times egunkariek horren berri eman zuten.
Sindikatuaren esanetan, ikerketako arauak hautsi dira eta horregatik jarriko du salaketa.
Ezbeharraren zergatiek ez dute eraginik izango kalte-ordainetan
Alpeetako hegazkin ezbeharraren zergatiak ez du eraginik izango biktimen senideek jaso beharreko kalte-ordainen zenbatekoan.
Europako legediaren arabera, gutxienez, 316.882 euro jasoko dituzte biktima bakoitzaren senideek.
Allianz Global Corporate & Specialty aseguru konpainiak atzo iragarri zuen bere gain hartuko zituela kalte-ordainak. "Gure bezeroak guztiz eta ahalik eta azkarren babesteko prest gaude. Horretarako, gainerako aseguruetako kideekin elkarlanean lan egingo dugu", adierazi zuen aseguru etxeak ohar batean. Hala ere, ez zuen kalte-ordainen gutxi gorabeherako zenbatekoen gaineko xehetasunik eman.
Biktima baten gurasoak Germanwings konpainiaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari dira
Alpeetako hegazkin ezbeharrean hildako biktima baten gurasoak Germanwings aire-konpainiaren kontrako salaketa jartzea aztertzen ari dira, tragedian izan dezakeen erantzukizunarengatik. Halaber, horrelakoak ez errepikatzeko, pilotuei kontrol psikologiko gehiago egitea eskatu dute.
Ezbeharraren harira, Germanwings hegazkin konpainiak izan ditzakeen erantzukizun eratorriengatik salaketa aurkeztea pentsatzen ari dira. Halaber, pilotuen buru osasunari buruzko kontrol gehiago egiteko eskatu die hegazkin konpainiei. Are gehiago, kabina barruan hiru edo lau pertsona egotea eskatzen dute eta ez bi bakarrik.
Omenaldi hunkigarria
Ostegun honetan Frantziara hegazkinez joan diren 62 senideak eta bart autobusez abiatu ziren beste 14 goizean bildu dira Marseillako aireportuan. Frantziako agintariek hartu dituzte bertan, eta gutxi geroago Brice Robin fiskalak kazetariei azaldu beharrekoa aurreratu diete.
Ikerketaren norabide berriak senideak hunkitu ditu. Jendarmeriak lagunduta Le Vernet herri txikira heldu dira, tragedia gertatu zen tokitik gertuen dagoen herrixkara, alegia.
Le Verneten, 250 bat senitartekok, Bartzelonatik zein Düsseldorfetik etorritakoak, hildakoei omenaldi hunkigarria egin diete.
Gaurkoan ere, hegaldi bat eskainiko dio Germanwingsek biktimen senideei, Bartzelonatik Marsellara joateko. Senideak artatzeko zentroa abian jarri dute Marsellan.