Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
Genero indarkeriari amaiera emateko eskatu dute plataforma feministek
Gasteizko Plataforma Feministak benetako politikak exijitu ditu emakumeen kontrako indarkeriari amaiera emateko, gaitz larria dela baiteritzo.
O.A. | EITB.EUS
Indarkeria matxistari amaiera emateko eskatu dute larunbat honetan ehunka lagunek Gasteizen egin den manifestazioan.
Ostegunean Gasteizen izandako emakumearen hilketa salatzeko kontzentrazio bana egin dituzte Gasteizen eta Iruñean arratsaldeko zortzietatik aurrera.
Gasteizen, ehunka lagun atera dira kalera indarkeria matxistarekin amaitzea eskatzeko. Hasiera batean bilkura izan behar zena manifestazio bihurtu da Andre Maria Zuriaren plazara bertaratu den jendetza tarteko. Manifestazioak hiriko kale nagusiak zeharkatu ditu.
Ainhoa Mendarozketa Gasteizko plataforma feministako kideak dei egin die erakundeei indarkeria matxistaren gaitzarekin amaitzeko borondate politikoa izan dezaten. "Benetako politikak babesteko deia egiten diegu erakundeei; izan ere, salaketak daude, tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeak daude, emakumeen kontrako erasoak daude, eta azkenean hildakoak egoten dira", gaineratu du.
Bestalde, ordu berean, indarkeria sexistaren kontrako emakumeen plataformak deituta manifestazioa egin dute Iruñean.
Iruñeko kontzentrazioa. Argazkia: EiTB
Gizon batek emaztea hil zuen ostegun arratsaldean Gasteizen. Gizona, 34 urteko gizasemea, larunbatean sartu dute Zaballako espetxean.