Gizartea -

Indarkeria matxista

Lopez Aguilarren aurkako salaketa Poliziak jarri zuen, ofizioz

Auzokideekin hitz egin eta horiek tratu txarren berri eman ostean jarri zuen salaketa Poliziak.

Lopez Aguilar kargutik kendu du PSOEk auzia argitu bitartean

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Justizia ministroaren kontrako salaketa ez zuela ez berak ez bere familiako inork jarri esan du Natalia de la Nuezek, Juan Fernando Lopez Aguilar PSOEko eurodiputatuaren emazte ohiak. Horren esanetan, Poliziak berak jarri zuen, ofizioz, auzokideekin hitz egin ondoren.

Eurodiputatu sozialistak inputatu gisa deklaratu beharko du Auzitegi Gorenean, emazte ohiari tratu txarrak ematea egotzita. "Argi gera dadila: Juanen aurkako salaketa ez dut nik jarri, ezta nire familiak ere", nabarmendu du emakumeak.

Adierazpen horiek gezurtatu egiten dute Lopez Aguilarren beraren bertsioa. Izan ere, salaketa banantze prozesuaren ondorio dela esan zuen atzo sozialistak.

Emakumeak Vanity Fair aldizkarian zehaztu duenez, aurretik bere seme-alabetako batek beste salaketa bat jarri zuen Lopez Aguilarren aurka, hari tratu txarrak ematea egotzita, baina "akatsa" izan zen, begi batean zituen zauriak "etxean izandako istripu batean" egin zituelako. Dena den, salaketa hartan aipatzen ziren "hainbat gauza benetakoak" direla gaineratu du.

Ministro ohiaren aurkako auzi hau Aste Santuko oporrak hasi baino egun batzuk lehenago hasi zen, etxean emakumea eta bikotearen bi semeak zeudela sute txiki bat piztu ostean. Agenteak bertaratu zirenean, auzokideekin hitz egin zuen, eta horiek esan zieten hark "tratu txar fisikoak eta psikologikoak" ematen zizkiola emakumeari. "Ikusi dutena kontatu zuten", esan du De la Nuezek. Horren berri jasota, agenteek ofizioz jokatu zuten "behartuta baitaude genero indarkeria kasuetarako epaitegiari horren berri ematen", Lopez Aguilarren emazte ohiaren esanetan.

Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko Lege Organikoa onartu zenean Lopez Aguilar zen Espainiako Gobernuko Justizia ministroa. "Pneumologoak erre behar ez dela jakin, eta, hala ere, erretzea bezalakoa da", esan du horretaz haren emazte ohiak.

__________________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); biak doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista Tratu txarrak