Gizartea -

21 hilabeteko kartzela-zigorra

Gasteiztar bat zigortu dute seme-alabei tratu txarrak emateagatik

12 eta 16 urte dituzte biktimek; agindutakoa betetzen ez zutenean aitak iraindu eta jotzen zituen. Senar-emazteak banandu eta gero etorri da salaketa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

46 urteko gasteiztar batek 21 hilabeteko espetxe-zigorra jaso du bi seme-alabei -12 eta 16 urtekoak- tratu txarrak emateagatik eta, hortaz, kalte emozionala eragiteagatik.

Gasteizko Zigor Arloko 2 zenbakiko Epaitegiaren ebazpenaren arabera, probatutzat jo dute semea eta alaba gazte-gazteak zirenetik, akusatuak "arau zorrotzak" ezarri zizkiola eta, bete ezean, "indarkeriaz jokatzen" zuela.

Urte askotan, etxebizitzan "tentsio egoerak" sortu izan dira "bereziki, umeek ohera joan, jan eta eskolako etxerakolanak egin behar ztuztenean sortzen ziren", epaian agertzen denez.

Agindutakoa betetzen ez zutenean, aitak "inozo", "ergel" edo "nagi" esaten zien, eta ipurdian, buruan, aurpegian eta besoetan jotzen zituen, eta portaera horrek beldurtuta egotea eragin zuen umeengan.

Aitak ukatu egin zuen epaiketan umeei tratu txarrak ematea eta ez zuela inoiz sentitu beldurtuta zeudenik. Aitortu zuen belarrondokoren bat eman izana, baina azaldu zuen bere emazteak dena onartzen zuela, hortaz, berari zegokion seme-alaben portaera zuzentzea.

Auzitegiak probatutzat jo du tratu txarrak egon direla eta "adin txikikoen adierazpenak egiazkoak direla". Hori dela eta, tratu txarren delitua egotzi dio, baina zigorrik txikiena ezarrita, alegia, 21 hilabete, fiskalak eta akusazio partikularrak eskatutako 2 urte eta 7 hilabeteko zigorra ezarri beharrean.

Gainera, debekatu egin diote aitari seme-alabengandik 200 metro baino gutxiagora hurbiltzea eta haiekin harremanetan jartzea bi urte eta bederatzi hilabetetan. Helegitea aurkeztu dute dagoeneko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Araba Albisteak Gaur Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Nerabezaroa albisteak Gurasoak  gaur