Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Maiatzaren 5eko albisteak

Astearteari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzaren Lege berria

Etxebizitza bat izateko herritarrek duten eskubide subjektiboa bermatzen Estatuko lehen autonomia erkidegoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE). Bi urteko lanaren ostean, testu bateratu bat adostu dute PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk. Lege proiektua ekainean bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean. Lege berriari esker, babes ofizialeko etxea erreklamatu ahalko dute baliabide gutxi duten lagunek eta hutsik dauden etxebizitzei kanona ezarriko diete (10 euro metro koadroko, urtean). Hutsik dauden etxebizitzak derrigor alokatzeko aukera ere badakar arauak. Horrez gain, Legea onartu eta bost urtean, EAEn eraikitzen den etxebizitza publikoen % 80 alokairuzkoak izan beharko dira. Epe hori igarota, altxatutako etxe guztiak alokairuzkoak izan beharko dira. EAJk ohartarazi duenez, Legeak kostu ekonomiko handia du eta horrek indarrean jartzea zailduko du. Dena dela, sozialisten, abertzaleen eta UPyDren botoei (38) esker onartu egingo da Legea (EAJrenak eta PPrenak batuta, 37 dira).

Lan erreforma ezbaian jarri du beste behin Gorenak

Espainiako Auzitegi Gorenak ezbaian jarri du beste behin lan erreforma. Aldeek lan hitzarmena luzatzea erabakitzen badute, akordio hori indarrean egongo da, nahiz eta hitzarmena bere iraungita egon. Ez da gai honen inguruan auzitegiak ematen duen lehen epaia; 2014ko abenduan jurisprudentzia ezarri zuen hitzarmenen aurreraeragintasuna ezarriz. Horrez gain, orain hiru hilabete, antzerako argudioak baliatu zituen lan hitzarmenen baliotasuna berriro aldarrikatzeko.

Kasu honetan, Sepla sindikatuko pilotuei eman die arrazoia Gorenak eta Air Nostrum konpainiako III hitzarmen kolektiboak indarrean jarraitu behar duela ebatzi du, aldeek beste bat adosten duten arte.

Reforma laboral / Lan erreforma EFE

LOMCEren kontrako protestak

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan LOMCE Legeak aurreikusten dituen errebaliden kontrako aldarria egin zuten atzo Hego Euskal Herriko ikastetxe publikoen guraso, irakasle eta ikasleek. Atzo hasi ziren Nafarroan azterketok egiten (EAEn, berriz, 30 zentrotan baino ez dituzte egingo, proba gisa). Familion arabera, probok "ez dute ezertarako balio, ez dute ikasitakoa eta hezkuntza kalitatea neurtzeko balio eta etengabeko ebaluazio prozesua hausten du".

Ingurumaria honetan, Iruñeko Txantrea auzoko Bernart Etxepare eskolan itxialdia egin zuen guraso talde batek. Protesta 21:00etan hasi zuten gurasoek, baina gauerdirako ikastetxetik atera eta identifikatu zituen Udaltzaingoak.

Ostegunerako ere mobilizazioak deitu dituzte Sortzen eta Herrikoa taldeek.

Osasuna, Bigarren Mailara jaisteko arrisku bizian

Jose Manuel Mateo Osasunako entrenatzailea bere kargutik kendu du klubeko zuzendaritza batzordeak. Taldeak garaipen bakarra eskuratu du hamar partidetan eta Bigarren B Mailatik gertu dago. Enrique Martin Monreal proposatu du talde gorritxoak Mateoren ordezkotzat, eta gaur bertan bilduko dira berarekin, denboraldia amaitu arte Nafarroako taldea zuzendu dezan.

Azurmendi, Europako jatetxe onena

Eneko Atxaren Azurmendi Jatetxea Europako 2015eko jatetxe onena izendatu dute, Steve Plotnicki OAD (Opinionated About Dining) gidaren sortzaileak iragarri duenez. Jatetxeen kalifikazioak egiteko indize prestigiosoenetako bat da OAD.

Azurmendi, hiru Michelin izarduna, lehenengoa da Europako 100 jatetxe onenen zerrendan. Ferran eta Albert Adria anaien jatetxean aurkeztu dute zerrenda, 38. postuan dagoen jatetxean, hain zuzen ere.

Sailkapen honen arabera, Axpeko Etxebarri erretegia, Victor Arguinzonizek zuzentzen duena, 10.a da; eta 100 onenen artean ageri da; Arzak (Donostia) ere, 33. lekuan.

MAM-eko argazkia: enekoatxanepps_

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak