Gizartea -

Immigrazioa

Atzera bota dute Sestaoko alkatearen kontra jarritako helegitea

Sestaoko 11 bizilagunek Josu Bergara alkatearen kontrako salaketa jarri zuten SOS Arrazakeria elkartearen babesarekin, bertan erroldatzea ukatu zitzaiela argudiatuta.

Josu Bergara Sestaoko alkatea. Argazkia: EiTB
Josu Bergara Sestaoko alkatea. Argazkia: EiTB
Josu Bergara Sestaoko alkatea. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bertan behera utzi du SOS Arrazakeria elkarteak Josu Bergara Sestaoko alkatearen kontra hasitako auzibidea; izan ere, atzera bota du, auzia artxibatzeko erabakiaren kontra, elkarteak jarritako helegitea. Zehatz-mehatz esanda, Sestaoko 11 bizilaguni bertan erroldatzea ukatu ziela leporatu zion.

Barakaldoko 2. instrukzio epaitegiak Sestaoko alkatearen kontrako salaketa artxibatzea erabaki zuen urtarrilean eta, horren aurrean, helegitea aurkeztu zuen Sos Arrazakeriak elkarteak. Helegite hori aztertu ostean, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak atzera bota du eta Barakaldoko epaitegiak hartutako erabakia berretsi du, Sestaoko Udalak berri eman duenez.

Auzitegiaren hitzetan, ez dago erroldatzean izandako atzerapenak erabaki arbitrario baten ondorio izan zirela erakusten duen frogarik. Hala ere, oraindik Auzitegi Konstituzionalera jo dezakete salatzaileek.

2014ko maiatzan, Sestaoko hamaika bizilagunek salaketa bat jarri zuten Sestaoko alkatearen aurka bertan erroldatzea ukatu ziela argudiatuta.

Salaketarekin batera, alkateak egindako hainbat adierazpenen grabazioa aurkeztu zioten epaileari, zeinetan immigrante batzuen kontrako komentario iraingarriak egiten zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao Migrazioaren albisteak Bizkaia