Gizartea -

Homofobiaren Aurkako Eguna

Homofobiaren aurrean irmotasun handiagoa eskatu du LGTB kolektiboak

Hainbat erakundek salatu dutenez, LGTB kolektiboaren aurkako indarkeriak eta bereizketak gora egin dute. Halaber, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak euren eskubideak babesten dituela gogoratu dute.

LGBT kolektiboaren aurkako erasoak areagotu direla ohartarazi dute. Argazkia: EiTB
XXI. mendean, jarrera homofoboak ohikoak dira

1:35

T.S.J. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeriari eta gorrotoari aurre egiteko milaka aldarrikapen eta mezu lau haizeetara zabaldu dituzte gaur, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, LGTB kolektiboaren kontra azkenaldian izandako erasoen gainean ohartarazteko.

Ildo horretan, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka Gipuzkoan lanean diharduten erakundeek elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako Boulevardean, 13:00etan, "Homofobiarik gabe bizi nahi dugu" lelopean.

Donostiako elkarretaratzea. Iturria: EiTB

Bizkaian ere bildu dira, oraingoan 28J Koordinakundeak deituta (Bizigay, Ehgam, Euskal Hartzak, Hegoak eta Kitzikan sexu-askatasunerako taldeek osatuta). 13:00etan egin dute elkarretaratzea, Bilboko Erkoreka Plazan, "azkenaldi honetan gorroto-delituekin lotutako eraso kopuruen gorakada salatzeko, eta erakundeek erakutsitako erantzun falta gaitzesteko". Koordinakundeak herritarrak animatu ditu, gaurko ekitaldietan parte hartu dezaten.

BIKOTE HOMOSEXUALEN ALDEKO PROTESTA MADRILEN EFEHomofobia Euskadin

Bestalde, data horren harira, Arartekoak salatu duenez, zenbait adingabe homosexualek, bisexualek eta transexualek homofobia jasaten dute Euskadin, ''beren jarrerek eta identitateek maila sozialean nagusi den genero arauekin bat egiten ez dutelako''.

Arartekoaren esanetan, "etsaitasunari eta ulertua ez izateari'' aurre egin behar diote, ''gehiegitan'', beren hezkuntza eta gizarte inguruneetan.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herritarren eskubideen babesleak adierazi duenez, haur eta gazte hauen familiek ''sentikortasuna eta babesa'' eskatzen dute beren seme-alabentzat, ''guztiek bezala beren garapen sozial eta pertsonala normaltasunez aurrera eramateko eskubidea dutelako''.

Europak babestutako eskubideak

Nazioarteko mailan, berriz, lesbianen, homosexualen, transgeneroen eta bisexualen aurkako gorrotoa eta indarkeria "ezabatzeko" deia egin du Europako Kontseiluko idazkari nagusi Thorbjorn Jaglandek. Halaber, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak LGTB kolektiboaren eskubideak babesten dituela gogora ekarri du.

Jaglandek adierazi duenez, azken hamarkadetan "aurrepauso nabarmenak" izan dira, baina "ezin dugu atzera egin, ahalegin guztiak egin behar ditugu indarkeriari eta bereizkeriari aurre egiteko".

Jaglanderen iritzian, "lege- eta politika-azpiegiturak jarri behar dira, xede izanik hezkuntza eskaintzea eta biktimek euren eskubideen jabe direla bermatzea". "Ez dira eskubide bereziak", azpimarratu du, "Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak babestutako eskubide unibertsalak baizik".

Homofobiaren kontrako protokoloa

Lan arloari dagokionez, homofobiaren kontrako protokoloa egin du LAB sindikatuak. "Lan munduan jazarpena gertatzen denean, gehiengo batek ez ikusiarena egiten du, eta premiazkoa da horrekin amaitzea", esan dute sindikatuko ordezkariek.

Sindikatuaren arabera, sexu-aniztasuneko 10 pertsonatik 7k jazarpena jasan du lanean, eta gertakari gehienak ez dituzte salatzen.

Gehitu saria Munillari

Bestalde, Gehitu Euskadiko homosexualen, lesbianen, transexualen eta bisexualen elkarteak 2015eko Latorri Saria eman dio Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainari 'Sexo con alma y cuerpo' liburuan zabaldutako "ideia, pentsamendu eta iruzkin homofoboengatik".

Gehituren aburuz, gotzainak "homofobia sustatzen du, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari muzin egiten dio, eta berdintasunaren alde elkarteek egindako lanari ospea kentzen dio".

1990. urteko maiatzaren 17an Nazioarteko Osasun Erakundeak buruko gaixotasunen zerrendatik homosexualitatea kentzea erabaki zuen. Hori dela eta, Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da egun horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Homofobia munduan LGTBI+ azken ordukoa