Gizartea -
Eguneko lerroburuak
'Armiarma' eta Galesko printzearen eta Gerry Adamsen bostekoa, albiste
Asteazkenari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.
eitb.eus
19 atxilotu, 'Armiarma' operazioan
Sare sozialetan ustez terrorismoa goraipatu duten lagunen kontrako polizia operazio zabala egin du astearte honetan Guardia Zibilak. Guztira, 19 lagun atxilotu dituzte sei erkidegotan, tartean EAEn. Atzo atzemandako 19 lagunetatik, gutxienez zazpi aske utzi dituzte, baina karguak egotzita.
Zehazki, 7 pertsona atxilotu zituzten Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 3 Araban, iturri polizialek jakitera eman dutenez.
Kongresuak bertan behera utzi du biktimen ekitaldia
Diputatuen Kongresuko Mahaiak atzera egin du, eta bertan behera utzi du ETAren eta GALen biktimek Behe Ganberaren areto batean egitekoa zuten ekitaldi bateratua. Biktimen elkarte batzuek eta PPk ekitaldia gogor kritikatu dutelako hartu dute erabaki hori.
Galesko printzearen eta Gerry Adamsen arteko bosteko historikoa
Galesko printzeak eta Gerry Adams Sinn Feingo presidenteak elkarri bosteko historikoa eman zioten atzo. IRAk orain 36 urte printzearen senide bat erail zuen, eta lehen aldia da Carlos printzea Sinn Feineko buruarekin elkartzen dena. Biek barre egin zuten eta elkarri bostekoa eman zioten Irlanda mendebaldeko Galway hirian, Irlandako Unibertsitate Nazionalean.
Lan eskaintza publikoa Nafarroako osasun sisteman
Nafarroako osasun zerbitzuak lan eskaintza publikoa deitu du. Hauek dira eskainiko dituzten lanpostuak: 69 plaza erizain laguntzaileei zuzenduta, 13 plaza erradiodiagnostikoko teknikari espezialistentzat, eta 7 lanpostu ginekologian espezializatutako erizainentzat.
Musikarik gabeko eguna, protesta gisa
Asteazken honetan ez da zuzeneko musika emanaldirik egongo. Estatu mailan 'Musikarik gabeko eguna' deitu dute gaurko, kultura alorrean ezarritako BEZaren aurrean (% 21ekoa) protesta egiteko.
Amaia Montero musikariak protestarekin bat egin du. Argazkia: @AmaiaMontero.