Gizartea -

Drogaren aurkako operazioa

4 lagun atxilotu eta 60 kilo speed atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Bizkaian hainbat etxebizitza eta lokal miatu dituzte eta metanfitamina manipulatzeko eta banaketarako erabiltzen zuten laborategia ere atzeman dute.

Guardia Zibilak operazioari buruz zabaldutako argazkietako batzuk. Irudia: EFE
Guardia Zibilak operazioari buruz zabaldutako argazkietako batzuk. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak 30 eta 45 urte bitarteko lau lagun atxilotu ditu Bizkaian eta Nafarroan drogaren aurkako operazio batean. Halaber, 60 kilo speed atzeman dute eta metanfitamina manipulatzeko eta banaketarako erabiltzen zuten laborategia ere desegin dute.

Droga Bilboko eta Barakaldoko lokaletan ekoizten zuten eta 200 kilo droga ekoizteko eta banatzeko prestatuta zegoen, Espainiako Barne Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez.

"Txako" operazioa deiturikoan, Bilboko etxebizitza bat eta lokal bat ere miatu dituzte eta bertan 30 kilo speed eta droga adulteratzeko 80 kilo sustantzia kimiko, hutsean ontziratzeko bi makina eta balantza bat atzeman dituzte.

Bestalde, Barakaldon bi etxebizitza eta hiru trasteleku erregistratu dituzte eta barruan 10 kilo speed, 270 gramo haxix, droga adulteratzeko sustantzia kimikoak topatu dituzte. Gainera, hutsean ontziratzeko beste makina bat, balantzak eta droga manipulatzeko tresnak ere aurkitu dituzte. Operazio berean hiru ibilgailu ere atzeman dituzte, horietako bi gama altukoak.

Bizkaiko Guardia Zibilaren Polizia Judizialak gidatu du operazioa Iruñeko guardiako instrukzio epaitegiaren laguntzarekin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Nafarroa Drogak argazkiak