Gizartea -

Nafarroa

Atxilotuta, Poliziari ihes egin eta heroina leihotik botatzeagatik

Foruzaingoak droga trafiko delitua leporatu dio 36 urteko Irungo bizilagun bati.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foruzaingoak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du droga trafikoa leporatuta. Antza denez, Poliziaren errepideko kontrol batetik ihes egin zuen eta ihesaldian heroina pakete bat bota zuen errepidera.

Atxiloketa maiatzaren 14an gertatu zen. Nafarroako Foruzaingoak errepideko kontrol bat jarri zuen Leitzarango autobian (A-15), eta foruzainek gelditzeko agindua eman zioten Poliziaren datu basean agertzen zen auto bati.

Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, auto gidariak ez zien jaramonik egin foruzainen aginduei eta abiadura handian ihes egin zuen. Orduan foruzainak hari segika hasi ziren, eta ihesaldiaren une batean gidariak pakete bat bota zuen. Gero, atzetik zetorren beste patruila batek paketea jaso zuen eta barruan 305 gramo heroina zeudela ikusi zuten foruzainek.

Auto gidaria A-15 errepidetik atera zen eta, N-240-A errepidea hartuta, Iruñerako bidea hartu zuen. Azkenik, amore eman eta errepidearen bazterrean gelditu zen. Orduan, foruzainek autoa miatu zuten eta lau eskuko telefono atzeman zituzten.

Hori guztia dela eta, Irungo 36 urteko gizonezkoa atxilotu egin zuen Foruzaingoak. Bestalde, Iruñeko 4. instrukzio epaitegiak izapideak ireki ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Drogak Nafarroako Foru Polizia Leitzarango autobia