Gizartea -
Gasteizen
Emakume bat atxilotu dute laban batekin gizon bati eraso egiteagatik
57 urteko emakumezkoari lesio-delitua leporatu diote Gasteizko kale batean laban batekin gizonezko bati ustez eraso egiteagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 57 urteko emakumezko bat atxilotu du goizalde honetan Gasteizen, lesio-delitua egotzita, Aska kalean laban batekin gizonezko bati ustez eraso egiteagatik, euskal poliziak jakitera eman duenez.
Erasoa 03:00ak pasata jazo da. Ertzaintzak jasotako herritarren abisu baten arabera, emakumezko batek gizon bati eraso egin dio laban batekin Aska kalean. Ondoren, Frantzia kalerako norabidean ihes egin du.
Ertzaintzako hainbat patruila bertaratu dira. Horietako bat biktima artatu eta Santiagoko Ospitalera eraman du. Gizonezkoak arma zuriz eragindako zauria du eskuineko kostaldean. Gainera, beste patruila bat labanaren bila joan da.
Handik gutxira, patruila batek ustezko erasotzailea aurkitu du Frantzia kalean, Artium Museotik gertu. Emakumea identifikatu eta atxilotu egin dute, lesio-delitua leporatuta.
Halaber, beste patruila batek erasoan ustez erabilitako labana aurkitu du Kanpokale Berria kaleko zabor-ontzi batean. Geroago, arma Ertzain-etxera eraman dute.