Gizartea -
2003an hil zuten Iraken
Auzia ixtearen errua Gobernuari leporatu diote Cousoren senitartekoek
2003an, Irakeko gerran, hildako kameralariaren familiak Estrasburgoko Auzitegira joko duela iragarri du, Cousoren hilketa zigorrik gabe ez geratzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Pedraz epaileak Jose Couso kameralariaren hilketa ikertzen ari zen auzia itxi behar izan du gaur justizia unibertsalaren erreforma aplikatuz. Couso Irakeko gerran hil zuen AEBetako tanke batek, 2003an. Magistratuaren erabakia deitoratu dute kameralariaren senitartekoek, baina hilketa zigorrik gabe ez geratzeko Estrasburgoko Auzitegira joko dutela iragarri dute.
Gobernuak duela urtebete baino gehiago onartutako justizia unibertsalaren erreforma kritikatu du Cousoren familiak agiri batean. Senitartekoen hitzetan, erreforma kameralariaren hiltzaileak ?babesteko? asmatu zuen PPk, mota honetako auziak Espainian ikertzea eta epaitzea eragozteko.
David Couso kameralariaren anaiak agirian adierazi duenez, erreforma ?nahierara egindako lege aldaketa bat da, AEBetako soldaduak bezalako gaizkileak defendatzeko?. Horrela, AEBetako Armadaren hiru kide horiek atxilotzeko nazioarteko aginduak bertan behera geratuko dira Auzitegiko gai penaletarako aretoak auzia artxibatzen duenean.
Cousoren anaiaren ahotan, epaileak berak auzia ixteko autoan aitortu duenez, soldaduek kazetaria tirokatu zutela frogatzeko zantzu nahikoak daude, baina magistratua kasua amaitzera beharturik dago legea eta Auzitegi Gorenaren doktrina betez.
?Eskuak eta oinak lotuta?
?Justiziak ezin du ekin, Gobernuak eskuak eta oinak lotu dizkiolako. Rajoyk bultzatutako lege aldaketa hiltzaile eta gaizkile zehatz batzuk zigorrik gabe uzteko operazio bat izan zela bistan geratu da gaur berriro?, adierazi du David Cousok.
?Gobernuak bere maniobra zikinen aurrean etsiko dugula uste baldin badu, oso oker dabil?, ohartarazi du Cousoren anaiak.