Gizartea -
HEZKUNTZA
Lanbide Heziketa 'ekonomia eragile' ezinbestekotzat jo du Uriartek
Kursaalen gaur abiatu den Lanbide Heziketaren Nazioarteko Topaketan, enpresaren eta lanbide heziketaren arteko harremanak sendotzearen alde egin du sailburuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak lanbide heziketaren garrantzia azpimarratu du gaur, Donostian abiatu den Lanbide Heziketaren Nazioarteko Topaketan. Sailburuaren hitzetan, ekonomiaren ezinbesteko eragilea da heziketa mota hori.
Kursaalen gaur hasi den topaketan, Uriarterekin batera, Stephen Farry Ipar Irlandako Irakaskuntza eta Enplegu ministroak hartu du parte irekiera ekitaldian. Uriartek nabarmendu duenez, lanbide heziketa egungo ereduetara moldatu eta irakaskuntza modua aldatzea da erronka. "Pertsonak beste modu batera prestatu behar ditugu", esan du.
Lanbide heziketaren eta enpresaren arteko harremana sendotzearen alde agertu da. "Espezializazioaren alde egin behar dugu, duela urte batzuk pentsaezina zirudien arren behar-beharrezkoa baita", esan du.
"Pertsonen formazioan, orientazioan eta espezializazioan garrantzi erabakigarria du lanbide heziketak, ekintzailetza sustatzeko, bikaintasunaren bidean", azaldu du.
Lanbide heziketako ikastetxeen eta profesionalen topaketa da gaur Donostian abiatu dena. Enpresek eta erakundeek ere hartzen dute parte, helburuak eta beharrak partekatu, eta lan-lerroak azartzeko. Euskal Herriko, Europako eta AEBko lanbide heziketa ereduen inguruko informazioa partekatuko dute bertan adituek.