Gizartea -
Nafarroa
Sute batek birziklatze enpresa bat kiskali du Lizarran
Birziklatzeko prest zegoen materialak su hartu du (zapiak, plastikoak, egurra…) eta suhiltzaileek lortu dute suak ondoko lantegietara zabaltzea ekiditea.
eitb.eus
Sute batek kalte handiak eragin ditu Chipala Medioambiental enpresaren instalazioetan eta makinetan, Lizarrako Merkatondoa industrialdean, baina ez da zauriturik izan.
Lizarrako Udaltzaingoak eman dio gertaeraren berri Nafarroako Larrialdi Agentziari, 3:10ean, enpresari ke zutabe handia zeriola ikusita. Enpresak birziklatzea egiten du eta Gebala kaleko 15. zenbakiaren parean dago. Une horretan, ez zegoen inor lantegian.
Ondoren, Lizarrako suhiltzaileak bertaratu dira, prest zeuden kide guztiekin, eta Parke Zentraleko suhiltzaileen laguntza eskatu dute; hori dela eta, Cordovillako zenbait kidek ere itzaltze lanetan lagundu dute, ponpa-kamioia eramanda. Gainera, anbulantzia batek ere jo du sutea izan den lekura, baina ez du inor ospitalera eraman, inork ez baitu arretarik behar izan.
Birziklatzeko prest zegoen materialak su hartu du (zapiak, plastikoak, egurra…) eta suhiltzaileek lortu dute suak ondoko lantegietara zabaltzea ekiditea. Izan ere, alboko enpresetako batean erregaiak, eta propano eta butano gasa banatzen dute.
Hala, 6:20 aldera, suhiltzaileek kontrolpean izan dute sute; beheko partea urarekin eta goikoa bitsarekin itzali dute. Makinek -toberak eta makina-birrintzaileak- kalteak izan dituzte, baita lantegiaren egituraren alde bat ere.
7:30ean bukatutzat eman dituzte lanok; halere, goizean zehar kontrolatuko dute, erabat itzalita dagoela baietatzeko.