Gizartea -

Familia

Seme-alaben zaintza partekatua legez arautzeko zorian dago EAEn

Hala, Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen Federazioak sustatutako herri ekimen legegileak azken izapidea bete du, eta asteartean lege bihurtuko da.

zaintza partekatua
zaintza partekatua
Datorren asteartean aurrera aterako da zaintza partekatuaren legea

00:33

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak banandutako edo dibortziatutako bikoteen seme-alaben zaintza partekatua arautuko duen legearen ebazpena onartu du EAJren, PPren eta UPyDren babesarekin, PSE-EEren abstentzioarekin, eta EH Bilduren kontrako botoarekin, eta litekeena da asteartean lege bilakatzea.

Hala, Kidetza Euskadiko Guraso Bananduen Federazioak sustatutako herri ekimen legegileak, 2011n Legebiltzarrean sartu zenak, azken izapidea bete du.

Legebiltzarrera 85.000 sinaduraren babesarekin iritsi zen proposamenaren helburua hau da: "Gurasoek seme-alabekin eta horiek anai-arrebekin, aiton-amonekin, beste senide batzuekin edo gertukoekin dituzten harremanak bermatzea".

Horretarako, gurasoetako batek edo biek seme-alaben zaintza partekatua eskatu edo gurasoetako batena bakarrik eskatu ahal izango diote epaileari, "seme-alaben intereserako" beti ere. Horrek herri ekimen legegilearen proposamena aldatzen du, zaintza partekatua lehenestea eskatzen baitzuen.

Onartutako ebazpenak aurrera eginez gero, epaileak erabaki beharko du zaintza partekatua eman ala ez.

Horren harira, epaileak zaintza partekatua ezarriko du "adingabearen interesaren kontrako ez bada" eta kasuak hainbat ezaugarri betetzen baditu.

Hori horrela, epaileak aintzat hartuko du haurreko gurasoetako bakoitzarekin duen harremana, haurren adina eta iritzia, seme-alaben lotura gizartearekiko, eskolarekiko eta familiarekiko, eta etxebizitzaren kokapena, besteak beste.

Familiaren etxebizitzari dagokionez, ebazpenak dio, zaintza partekatua ezarri eta etxebizitza txandaka erabiltzen ez denean, epaileak pisu bat lortzeko arazo gehien duenari eman beharko diola, "seme-alaben interesarekin bateragarria bada betiere".

Beharragatik etxebizitza gurasoetako bati ematen zaionean, neurria behin behinekoa izango da, bi urterako gehienez, eta epailearen erabakia eragin zuten baldintzek bere horretan jarraitzen ote duten aztertuko dute aurrerago.

Hala ere, gaurko eztabaidan eta bozketan ez da zehaztu ebazpenean ezarritako neurriek atzeraeragina izango ote duten dagoeneko bananduta eta zaintzaren erregimenak ezarrita dituztenen kasuetan, gurasoetako batek zaintza partekatua eskatuko balu.

Taldeek asteartera arteko epea izango dute aukera horren inguruko erabakia hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra albisteak EAE albisteak Gizartea albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP berriak Umeak Gurasoak