Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Zaintza partekatua, Gipuzkoako Gobernu berria eta Grezia, albiste

Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.

IKER GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaintza partekatuak badu Lege berria

Zaintza partekatuari buruzko lege-proposamena onartu zuten atzo Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean, EAJren, PPren eta UPyDren babesarekin. PSE-EE abstenitu egin zen, eta EH Bilduk ezezkoa eman zuen.

Banatze edo dibortzio kasuetan, egokiena zaintza partekatua dela dio lege egitasmo horrek. Hori horrela, aitak edo amak haurren zaintza partekatua eskatu ahal izango du epailearen aurrean. EAJren esanetan, legeak seme-alaben ?ongizatea? bilatu nahi du.

Custodia Compartida / Zaintza partekatua EITB

Custodia Compartida / Zaintza partekatua EITB

Martxan da Gipuzkoako Gobernu berria

Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu berrian, EAJren esku geratuko dira sail ekonomikoak. Zortzi sailetan banatu dute Gobernua, eta EAJk bere gain izango ditu, besteak beste, Ogasuna, Bide Azpiegiturak eta Gizarte Politikak.

PSE-EEk gidatuko ditu Kultura, Mugikortasuna eta Ingurumena. Hortaz, sozialisten esku geratu da hondakinen kudeaketa. Gaur jabetuko dira karguaz diputatu berriak, eta ondoren egingo dute lehenengo Gobernu Kontseilua.

Abian da Gogora, Memoriaren Institutua

Memoriaren gaineko begirada partekatua eta kritikoa sustatuko ditu Memoriaren, Biktimen eta Giza Eskubideen Institutuak. Mugak ere izango ditu, Aintzane Ezenarro zuzendariak atzo aditzera eman zuenez. 'Gogora' izenpean, asteazkenetik lanean izango da Memoriaren Institutua. Azaroaren 10ean inauguratuko dute ofizialki. Memoriaren kudeaketa, ikerketa eta artxiboa, eta dibulgazioa eta arlo pedagogikoa izango dira bere betebeharrak.

Aurpegi berriak Herri Kontuen Euskal Epaitegian

Eusko Legebiltzarrak Herri Kontuen Euskal Epaitegiko zazpi kide berriak hautatuko ditu gaur, eta, ezustekorik ezean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko jarduneko ahaldun nagusia izango da horietako bat. Segur aski, EAJko hiru bokal, PSE-EEko bi, PPko bat eta EH Bilduko bat aukeratuko dituzte.

Hain zuzen ere, Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohiaren lekua har dezan eta erakundearen presidentea izan dadin proposatu du Bilbao EAJk. Alderdi jeltzalearen beste bi hautagaiak Begoña Marijuan eta Eusebio Melero dira. Egun, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kideak dira biak.

Bestalde, EH Bilduk Jose Manuel Altolagirre eta Xabier Txokarro proposatu ditu; PSE-EEk, Jose Angel Quintanilla eta Jesus Mariano Garcia; eta PPk, Teresa Crespo eta Jon Inchaurraga.

Aurrera doaz negoziazioak Grezian

Akordiorik ez Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroen eta Greziako Gobernuaren artean. Alexis Tsiprasek aurkeztu dituen erreformak ez direla nahikoa iritzi diote, eta esfortzu gehiago eskatu diote Greziako Gobernuari.

Baikortasun giroa amaituta, bilera egin dute bart Greziako lehen ministroak eta hartzekodun nagusiek: Europako Batzordeak, Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak. Bertan behera utzi behar izan dute bilera, baina gaur berriro elkartuko dira, Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek egin behar duten goi-bileraren aurretik akordioa lortu nahian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak