Gizartea -
Euskarari buruzko txostena
'Posible da euskarari buruzko diskurtso berritu eta errotua sortzea'
'Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak' proiektuaren ondorioak aurkeztu ditu Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hedabideen aurrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikorako sailburuordeak "Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoak" (EGOD) proiektuaren ondorioak aurkeztu ditu ostiral honetan kazetarien aurrean. Aipaturiko txosten horren arabera, "posible da euskarari buruzko diskurtso berritu, partekatu eta errotua sortzea euskal gizartean".
Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martinez EGOD proiektuaren zuzendariak eta Xabier Erize proiektua egin duen lantaldeko kideak Donostian, eta ondorioen berri eman dute.
Baztarrikaren hitzetan, hau da EGODen hipotesi nagusia: "euskal gizartean euskarari buruzko diskurtso berritu, partekatu eta sustraitua sortzeko aukera dago".
Halaber, azpimarratu du proiektuaren emaitzek erakusten dutela "hipotesi horren betetze-maila altua" dela. Azaldu duenez, lan horrek erakutsi du "ezinbestekoa dela elkartasunean, pertsona guztien eskubide linguistikoen errespetuan eta pertsonen arteko errespetuan oinarritutako diskurtsoa indartzea".
Bestalde, nabarmendu du eztabaida ideologikotik eta alderdi politikoen interesetatik at utzi behar dela politika linguistikoa. Gaineratu duenez, euskara balore positiboekin, bizipen atseginekin, gozamenarekin, plazerrarekin, gizarte balioekin eta funtzionaltasunarekin lotu behar da.
Ildo horretan, euskararen irudia hobetzeko premiaz ohartarazten dute proiektuaren egileek, bereziki, gazteengan arreta jarrita. Gainera, beharrezko ikusten dute hizkuntza multifuntzional, adierazgarri, bizi eta komunikatiboa bultzatzea.