Gizartea -

SALBURUAKO PARKEA

32 hegazti hil dira Gasteizeko Salburua parkean botulismoak jota

2014ko udan antzeko gertaera jazo zen. Kasu hartan 791 hegaztiri eragin zion gaixotasunak, baina ez ziren denak hil.

Salburua
Salburua
Salburua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 32 dira Gasteizeko Salburua parkean hilik azaldu diren hegaztiak, espezie horri eragiten dion botulismoa dela-eta. Zehazki esateko, Clotridium botulinum izeneko bakteriak sortzen duen toxina jateagatik gertatzen den elikadura-intoxikazioa da.

Álvaro Iturritxa Hirigintza eta Ingurune zinegotziak prentsa-ohar bidez azaldu duenaren arabera, hegaztiei bakarrik eragiten dien gaixotasuna da; hortaz, lasaitasun-mezua bidali die herritarrei, ez baita kutsakorra gizakientzat.

2014ko udan antzeko gertarera jazo zela azaldu du. Kasu hartan 791 hegaztiri eragin zion gaixotasunak, baina ez ziren denak hil. Hori dela eta, aurten aldiro-aldiro azterketak egin dira Salburuan, eritasun hori antzemateko asmoz.

Gauzak horrela, uztailaren 6an hilda zegoen kaio hankahori bat jaso zen. Gerora egindako analisiek baieztatu zuten hegaztien botulismoarengatik zendu zela.

Hortik aurrera, Gasteizeko Udalaren eta Arabako Aldundiaren arteko koordinazio-protokoloa abiatu zen, gaixotasunaren eragina jasaten duten hegaztiak detektatu eta erretiratzeko.

Gaur arte, 32 dira bildu diren hegazti hilak, guztiak uretakoak, eta, dirudienez, jazoera Salburuan dagoen Arkauteko urmaelera mugatzen da.

Arazoari aurre egiteko erarik onena hilda eta gaixo dauden ahalik eta hegazti gehienak gune hartatik ateratzea da. Ondorioz, Udalak herritarrei eskatu die hilda edo gaixo dauden hegaztirik ikusiz gero, ez ditzala ukitu eta Udaltzaingoari horren berri eman diezaiola (092), hura arduratuko baita animaliak batzeaz.

Clotridium botulinum bakteria udako hilabeteetan agertu ohi da, sasoi horretan ematen baitira tenperaturaren edota uraren baldintza egokiak hura garatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Gizartea Gasteiz berriak Ingurumena albisteak Animalia basatiak Gasteizko Eraztun Berdea