Gizartea -
Immigrazioa
EBk ez du lortu datozen bi urteetan 40.000 errefuxiatu banatzea
Egoera abenduan berriro aztertzea erabaki dute EBko Barne ministroek. Bestalde, 1.300 asilo-eskatzaile onartuko dituela iragarri du Espainiak.
Agentziak | Erredakzioa
Datozen bi urteetan 40.000 asilo-eskatzaile banatzeko eztabaida konpromisorik gabe itxi dute gaur Europar Batasuneko Barne ministroek. Apiriletik hona Italiara eta Greziara heldu diren Siriako, Eritreako, Somaliako eta Irakeko errefuxiatuak hartzeko akordioa bilatu dute, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, egoera abenduan berriz aztertzea erabaki dute.
Bilerara EBri egitasmorik aurkeztu gabe joan den estatu bakarra Espainia izan da. Azkenik, 1.300 asilo-eskatzaile onartu behar zituela iragarri du Espainiak, eta beste 200 bat gehiago abenduan onartzeko aukera aztertuko duela agindu du. Datozen bi urteetan, 4.288 errefuxiatu hartzea proposatu zion Europako Batzordeak Espainiari.
Hungaria eta Austria: “zero” ekarpena
Beste herrialde batzuek, aldiz, beraien ekarpena “zero” izango dela aurreratu dute, Hungariak esaterako. EBk Kosovoko etorkinen presioari aurre egiteko neurririk hartzen ez duela salatu du Hungariak jarrera horrekin.
Austriak ere, “zero” ekarpena iragarri du, eskatzaile gehiago onartu behar izatea zentzugabea dela uste duelako, derrigorrezko kuota-sistema bat ezarriko ez dutela ikusita.
Alemaniak kuota handiagoa onartu du
Alemania, aldiz, Europako Batzordeak proposatutako errefuxiatu-kopurua (8.763 pertsona) onartzeko prest agertu zen hilabete hasieran eta, gaur, kopuru hori igo egin du. Horrela, 10.500 etorkin hartzeko borondatea agertu du Berlinek. Bien bitartean, Frantziak eta Herbehereek hasierako proposamenari eutsi diote: 6.752 eta 2.047 errefuxiatu, hurrenez hurren.
Guztira, 28 estatu kideetatik 22k banaketan parte hartu behar dute. Italia eta Grezia at geratzen dira, neurri hau beroriei laguntzeko baita. Erresuma Batuak eta Danimarkak EBren Barne erabakietan parte ez hartzeko aukera dute, eta Austriak eta Hungariak laguntzeari uko egin diote.