Gizartea -

Indarkeria matxista

Adingabe bat atxilotu dute Barakaldon, ustezko sexu-erasoa leporatuta

Udalak elkarretaratzea deitu du eguerdirako, Herriko Plazan, sexu-erasoak gaitzesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Udalak ohar baten bidez jakitera eman dutenez, Barakaldoko Udaltzaingoak gazte adingabe bat atxilotu zuen astearte gauean, ustez sexu-eraso bat egiteagatik. Biktimak (adingabea da hori ere) ihes egitea lortu zuen, horren garrasiak handik gertu zegoen gazte talde batek entzun ondoren. Garrasiak entzun zituzten tokira hurbildu zirenean, erasotzaileek ihesari ekin zion, gazte horiek atzetik segika zituela.

Erasoa 21:45 inguruan jazo zen, Clara Campoamor parkean. Mutila neskarengana hurbildu zen, eta zuhaizti batera eraman zuen; hantxe gertatu zen sexu-erasoa.

Dei baten bidez Udaltzaingoari gertatutakoaren berri eman ondoren, berehala joan ziren udaltzain batzuk San Bizente auzora. Bertan zeuden zenbait lekukok azaldu zietenaren arabera, biktimaren garrasiak entzun zituzten eta erasoaren ustezko egilearen atzetik abiatu ziren, baina ihes egin zien.

Ustezko erasotzailea handik gertu zegoen atari batean ezkutatzen saiatu zen, baina lekukoek identifikatu egin zuten. Horren aurrean, agenteek atxilotu egin zuten, eta Ertzaintzak Sestaon duen polizia-etxera eraman zuten.

Elkarretaratzea

Sexu-eraso hori arbuiatzeko asmoz, Barakaldoko Udalak elkarretaratzea deitu du gaur 12:00etarako Herriko Plazan. Erakundeek bertan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, baita herrian emakumeen alde lan egiten duten elkarteak ere, gizartearen gaitz honen aurrean guztion gaitzespena erakusteko.

_________________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Barakaldo