Gizartea -

Indarkeria matxista

Sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea, Barakaldon

Udalak elkarretaratzea deitu du eguerdirako, Herriko Plazan, udalerrian izan den azken erasoa gaitzesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Udalak elkarretaratzea deitu du gaur 12:00etarako Herriko Plazan, astearte gauean Barakaldon ustez izandako sexu-erasoa gaitzesteko asmoz. Udalak herritarrak eta bertan emakumeen alde lan egiten duten elkarteetako ordezkariak deitu ditu bilkurara, gizartearen gaitz honen aurrean guztion gaitzespena erakusteko.

Atzo, Barakaldoko Udalak ohar baten bidez jakitera eman zuenez, Barakaldoko Udaltzaingoak gazte adingabe bat atxilotu zuen astearte gauean, ustez sexu-eraso bat egin izana egotzita. Biktimak (adingabea da hori ere) erasotzaileari ihes egitea lortu zuen, garrasika hasi eta handik gertu zegoen gazte talde bat hari laguntzera joan zenean. Haiek ikusitakoan, erasotzaileak ihes egin zuen, baina haiek atzetik joan zitzaizkion.

Erasoa 21:45 inguruan jazo zen, Clara Campoamor parkean. Dirudienez, ustezko erasotzailea neskarengana joan zen, eta zuhaizti batera eraman zuen, haren gogoz kontra; hantxe gertatu omen zen sexu-erasoa.

Dei baten bidez ohartarazi zuten Udaltzaingoa, eta berehala joan ziren agenteak San Bizente auzora. Biktimaren oihuak entzun zituztela eta ustezko erasotzaileari segika joan zirela baina ihes egin ziela esan zieten udaltzainei haren atzetik ibili ziren lekukoek.

Erasoaren ustezko egilea handik gertu zegoen atari batean ezkutatzen saiatu zen, baina udaltzainek aurkitu eta lekukoek identifikatu egin zuten. Horren aurrean, agenteek atxilotu egin zuen, eta Ertzaintzak Sestaon duen polizia-etxera eraman zuten.

_________________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Barakaldo