Gizartea -
Arrigorriaga
Rodriguezen hilketa salatzeko elkarretaratze jendetsua, Arrigorriagan
Bertan izan dira, besteak beste, Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Arrigorriagako eta Bilboko udal ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramailea eta Emakundeko zuzendaria.
EITB.EUS
Leyre Rodriguezen hilketa arbuiatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute gaur eguerdian Abusuko zentro soziokulturalaren aurrean (Arrigorriaga).
Arrigorriagako Udalak deitutako kontzentrazioa 12:05ean hasi da eta hamar minutu geroago amaitu da bertaratutako ordezkarien eta herritarren txalo zaparradarekin.
Abusuko elkarretaratzean izan dira, besteak beste, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Arrigorriagako eta Bilboko udal ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile eta Gizarte Ekintza diputatua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak salatu duenez, "gizartea gaixorik dago eta ez da sendatuko berdintasuna eta duintasuna erdietsi arte". Bilboko alkatea kezkatuta agertu da Bilboko Aste Nagusian izan daitezkeen sexu erasoengatik eta azpimarratu du gisa horretako jarrerak saihesteko lanean ari direla.
Bestalde, emakumeen kontrako inolako erasorik ez onartzeko eta toleratzeko deia egin dio Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gizarteari.
"Permisibitaterik ez"
Asier Albizua Arrigorriagako alkateak aldarrikatu du ez dela permisibitaterik izan behar horrelako jazoeren aurrean. "Ez dadila erasorik gelditu salatu gabe, eta inork ez dezala eraso matxista bat pasatzen utzi; hala, hasieratik gisa horretako jarrerak zuzendu ahal izango ditugu", gaineratu du. Hala adierazi du Arrigorriagako alkateak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.
Genero indarkeriari aurre egiteko har daitezkeen neurriez galdetuta, "ez dago formula magikorik", esan du. Halere, horren ustez, hainbat alorretan egin behar da lan, eta hezkuntza, erakundeek badaezpadako neurriak hartzea eta neurri polizialak nabarmendu ditu.
Arrigorriagako Udalak Leyre Rodriguezen hilketa gaitzesteko adierazpena onartu zuen atzo aho batez, "etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita".