Gizartea -
Hilketa matxista
Epailearen aurrera, Abusuko hilketa dela-eta atxilotutako gizona
Ertzaintza Leyre Rodriguezen etxea miatzen ari da, froga gehiagoren bila.
Agentziak | Erredakzioa
Itxura guztien arabera, indarkeria matxistaren ondorioz hil zuten Leyre Rodriguez, abuztuaren 8an Abusun ibilgailu batek harrapatuta hil zuten emakumea. Haren heriotzarekin zerikusia duelakoan asteon atxilo hartutako susmagarria ostiral honetan eraman dute epailearen aurrera, Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez.
Ikerketa sekretupean dago, eta, hortaz, ez dute eman gizonari leporatutako delituen berri. Atxilotua magrebtarra da, eta biktimaren senar ohiaren ezaguna.
Biktimaren senar ohia, bestalde, Gurutzetako Ospitalean dago, egoera kritikoan, asteartean bere burua trenbidera bota ostean.
Horrez gain, Polizia Zientifikoak biktimaren etxea miatu du gaur, hilketa zelan izan zen argitu dezaketen frogen bila. 10:20an hasi dira Rodriguezek Arrigorriagako Ollargan auzoan zuen etxebizitza miatzen.
Zehazki, emakumea harrapaketaren aurretik hil ote zuten jakiteko zantzuen bila ari dira, oraindik argitu beharreko puntuetako bat baita biktima harrapatu baino lehen edo harrapatuta hil zuten. Horrekin lotuta, Ertzaintza ikertzen ari da autopsiak agerian utzitako zauriak, tartean golpe garezurrean, harrapaketarekin bateragarriak diren ala aurretiko eraso batek eragin zituen. 9 orduz egon dira miaketa lanetan.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez, "litekeena da" genero indarkeriaren kasu baten aurrean egotea, eta atxilo hartutako gizonak hilketan "lagundu edo parte hartu zuen zantzuak" badaudela azaldu zuen.