Gizartea -
Abusu auzoa, bilbo
Aske, Leire Rodriguezen hilketan ustez parte hartu zuen gizona
Epaileak atzerrira joatea galarazi dio eta, gainera, egunero aurkeztu beharko da epaitegian. Oraindik ez dute baieztatu biktima autoak harrapatu baino lehen edo ondoren hil zen.
Agentziak | Erredakzioa
Aurreko asteazkenean atxilotutako gizona, ustez Leire Rodriguez Abusu auzoan abuztuaren 8an antza auto batek harrapatuta hil zen emakumearen hilketan parte hartzea egotzita, aske geratu da, ostiral arratsalde-gauan epailearen aurrean deklaratu eta gero, Segurtasun Sailetik Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez.
Halaber, epaileak atzerrira joatea debekatu dio eta, gainera, egunero aurkeztu beharko da epaitegian. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak ostegunean esan zuenez, ikerketaren arabera, badirudi genero indarkeria kasu bat dela eta atxilotutakoak "lagundu edo parte hartu zuela" konfirmatzen duten zantzuak daudela.
Bestalde, emakumeren senar ohiak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, "oso larri", asteartean bere buruaz beste egiten saiatu zelako. Egun horretan Ertzaintzaren aurrean agertu behar zuen, bere kotxea miatu zezaten.
Ikerketa sekretupean dago eta, momentuz, ez dute baieztatu emakumea istripua izan aurretik hilda ote zegoen, edo horren ondorioz hil zen.
Atzo, Polizia Zientifikoak biktimaren etxebizitza miatu zuen, Arrigorriagako (Bizkaia) Oilargan auzoan.