Gizartea -

Pontevedra

Los Piratas taldeko bateria hil da, Guardia Zibilak emandako tiroaz

Gizonak ustez eraso egin die emazteari eta guardia zibil bati. Emakumeak, baina, ukatu egin ditu tratu txarrak.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak Javier Fernandez Los Piratas taldearen bateria-jotzaile ohia hil du tiroz Ponteareasen (Pontevedra), horrek ustez emazteari eta guardia zibil bati eraso egin ostean.

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, "defentsa ekintza" batean hil dute gizona; izan ere, biktimak labanekin egin omen dio eraso agenteetako bati. Guardia Zibila ustezko indarkeria matxista kasu bat gertatzen ari zen etxe batean bertaratu da asteazken honetan. Bertaratu direnean, emakumea etxetik kanpo zegoen, tratu txarrak jaso izanaren zantzuekin, iturri horien arabera.

Emakumeak agenteei esan die bikotekideak eraso egin diola, eta ohartarazi du gizonak bien haurra zuela eta oso urduri zegoela, Guardia Zibilak azaldu duenez. Agenteak etxera gerturatu eta gizon bat ikusi dute biktimaren haurrarekin, eta gizon horrek ere ustezko erasotzailea oso urduri zegoela abisatu die.

Azkenean, bi guardia zibilak etxera iritsi direnean, Javier Fernandez galtzontziloetan zegoen, oso urduri, eta guardia zibilei mehatxu egiten hasi omen da. Hala, Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, sukaldean sartu eta labanekin eraso egin die guardia zibilei, eta bat aurpegian zauritu du. Orduan, aipatu iturriek zehaztu dutenez, beste guardia zibilak tiroa eman eta hil egin du.

Emakumeak ukatu egin ditu tratu txarrak

Hildakoaren emakumeak adierazi duenez, musikariak ez dio inoiz tratu txarrik eragin, eta arazo bipolarra zuen aspaldirik.

Halaber, emaztearen abokatuak ostegun honetan azaldu duenez, Guardia Zibilak emakumea ''estutu'' zuen senarraren kontra indarkeria matxistagatik salaketa jarri zezan, gizona jada hilda zegoenean; emakumeak ezetz esan zuen, abokatuaren arabera.

Bestalde, Javier Fernandezen familiak adierazi du ''erantzukizunak'' eskatuko dituztela, eta hildakoa ''akats baten biktima'' izan dela; hain zuzen ere, ''psikiatraren erabaki'' baten biktima, semea jaio zenean musikariari medikazioa kendu ziolako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak