Gizartea -
Saria
Zeraingo Basazabal gazta, munduko 41. jakirik onena
Britainia Handian ematen dituzten Great Taste Awards sarietan eta 10.000 jakirekin lehiatu da Javier Muñoaren gazta. 'Faktoria'n esan du "zaporearen bikaintasuna" nabarmendu dutela epaileek.
G.U.
Munduko zaporerik onenak zerrenda batean bildu dituzte Britainia Handiko Great Taste Awards sariek. Mundu osoko 10.000 jaki aurkeztu dituzte sariketa horretara, eta epaileek Zeraingo Basazabal gaztandegiko gazta jarri dute zerrenda horren 41. postuan.
Javier Muñoa gaztagileak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n eman ditu lehiaketa horri buruzko xehetasunak. Gastronomia mailako askotariko produktuak dira aurkeztutakoak (besteak beste, edariak, jogurtak, pateak…) eta 400 pertsonaz osatutako epaimahai aditu batek, dastaketa itsu baten ondoren, munduko 100 elikagai onenak hautatu ditu. Basazabal gaztari 3 izar eman dizkiote epaimahaikideek, eta "zaporearen bikaintasuna" nabarmendu dutela aipatu du ekoizleak.
Pozik dago Muñoa sariarekin, baina, hala ere, ez du asmorik gaztari errekonozimendu hori aipatzeko zigilurik jartzeko. Haren hitzetan, "produktua bera landu behar da bere bidea egin dezan; jendeak jan behar du gustatzen zaiolako".