Gizartea -
Osasun publikoa
EAEk eta Nafarroak dituzte Estatuko osasun zerbitzu onenak
Beste muturrean, Kanarietan, Valentzian eta Katalunian dituzte zerbitzu okerrenak. Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteen Federazioak adierazi du okerrera egin dutela, oro har, murrizketen ondorioz.
agentziak | erredakzioa
EAEk eta Nafarroak dituzte Espainiako Estatuko osasun zerbitzu onenak, nahiz eta azkeneko urtean, "oro har, okerrera" egin duten, osasun publikoan izandako "murrizketen ondorioz", Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteen Federazioak Osasun Zerbitzuen XII. Txostenean jakitera eman duenez.
Beste muturrean, Kanarietan, Valentzian eta Katalunian dituzte osasun zerbitzu txarrenak.
2014ko datuekin eta 2015eko hauteskundeen aurretik jasotako beste batzuekin egindako txostenaren arabera, EAEkoa da zerbitzu onena, eta Nafarroa gainditu du lehen aldiz (orain arte, foru erkidegokoa zegoen lehenengo postuan). Aragoi eta Asturias geratu dira bi erkidego horien atzetik zerrendan.
Osasun zerbitzua "erdi mailakoa" da Gaztela eta Leonen, Kantabrian, Galizian, Errioxan eta Andaluzian; eta "txarra" da Madrilen, Murtzian, Balear Uharteetan, Gaztela-Mantxan eta Extremaduran.
Osasun zerbitzu txarrena, hala ere, Kanarietan, Valentzian eta Katalunian dute. Azken erkidego horrek lau postu egin du atzera, 2009an bosgarren postuan baitzegoen.