Gizartea -
Droga trafikoa
30 kilo marihuana atzeman dituzte Gasteizen
Horrez gain, 281 landare konfiskatu ditu Astigarragako pabiloi batean.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko lonja batean 30 kilo marihuana atzeman eta 29 eta 56 urteko bi gizonezko inputatu ditu Ertzaintzak, eta 281 marihuana landare atzeman ditu Astigarragan (Gipuzkoa), industria pabiloi batean.
Ertzaintzak ohar batean jakinarazi duenez, Gasteizko operazioa asteartean egin zuten, Zaramaga auzoko lonja baten kanpoaldean marihuana usaina zegoela jakin ostean.
Agenteak bertaratutakoan, lagun bat identifikatu zuten, eta, lonjara sartu ondoren, 30 kilo marihuana atzeman zituzten. Ertzaintzaren arabera, merkatuan 130.000 euroko balioa izango luke. Lonja hainbat gelatan zegoen banatuta, eta marihuana prestatzeko, biltzeko eta saltzeko hainbat tresna zituzten bertan. Drogaz gain, 1.500 euro ere topatu zituzten.
Astigarragako pabiloia
Bestalde, Astigarragan, Oialume industrialdean, marihuana plantazio bat atzeman du Ertzaintzak.
Asteazkenean egindako operazio batean, 20 bat gelatan banatuta zegoen pabiloi bat topatu zuten agenteek. Marihuana eskala handian ekoizteko tresneria guztia omen zuten bertan.
Guztira, 281 marihuana landare atzeman zituzten agenteek: landatuta, batzuk, eta ebakita eta lehortzen utzita, besteak. Horren aurrean, agenteek identifikatu egin zituzten horren arduradunak (41 eta 59 urteko bi gizon), eta osasun publikoaren kontrako delitua egotzi zien.