Gizartea -

Krimena

Laredoko hilketa bikoitzaren akusatua ez da erantzule sentitzen

Are gehiago, ez da gertatutakoaz gogoratzen eta ez du horren kontzientziarik. Akusatuak gizon bat eta haren alaba hil zituen labankadaz hondartzan. Fiskaltzak 35 urteko kartzela-zigorra eskatuko du.

Laredoko ustezko hiltzailea astelehen honetan hasi den epaiketan. Argazkia: EFE
Laredoko ustezko hiltzailea astelehen honetan hasi den epaiketan. Argazkia: EFE
Laredoko hondartzan gertatutako krimen bikoitzaren epaiketa hasi da

1:26

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laredoko hondartzan Laudioko aita-alaba batzuk labankadaz hiltzeagatik akusatutako gizonak epailearen aurrean adierazi du hilketen egunean droga kontsumitu zuela eta ez dela hilketa horien erantzule sentitzen; hain zuzen ere, egindakoaz gogoratzen ez omen delako, horren kontzientziarik ez omen duelako eta ez omen zirelako nahita egindako hilketak izan.

"Ez naiz nire ekintzen erantzule sentitzen. Nire etxetik atera nintzenean ez nuen pentsatu ere egin hori egingo nuenik", adierazi du gaur Kantabriako Auzitegian hasi den epaiketan.

Gaur barkamena eskatu die hildakoen familiei. "Benetan sentitzen dut, ez zen nire asmoa", azpimarratu du "zergatik" egin zuen ez dakiela gaineratu aurretik.

Epaiketak lau egun iraungo du, gaur bertan hasita, eta herri-epaimahaiak hartuko du erabakia. Fiskaltzak 35 urteko kartzela-zigorra eskatuko du erasotzaile bilbotarrarentzat. Akusazio partikularrak, ordea, 40 urteko kartzela-zigorra eta 500.000 euroko kalte-ordaina.

Duela urtebete, Laudioko 42 urteko emakume bat eta haren aita, 71 urtekoa, Laredoko hondartzan pasieran zebiltzala, gizon bat agertu zen, eta, hitzik esan gabe, emakumea labankatu zuen. Haren aita erasotzailea gelditzen saiatu zen orduan, baina labankada sakon bat jaso zuen lepoan, eta hil egin zen. Jolasten ari zen haur talde baten aurrean gertatu zen guztia.

Erasotzaileak aitortu egin zuen arma zuri batekin atera zela kalera, baina, haren esanetan, ez da gertatutakoaz gogoratzen. Akusatua preso dago ordutik, eta defentsako abokatuen bertsioaren arabera, une bateko buru-nahasteak eraginda jokatu zuen.

Instrukzio epailearen ustez, ez dago zalantzarik, gizona zen erasotzailea, eta ez zuen buruko gaixotasunaren zantzurik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Epaiketak bideoak Laudioko bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Kantabria Erailketak albisteak Aiarako kuadrilla