Gizartea -
Zientzia
Marten ur likidoa dagoela baieztatu du NASAk
Planeta horretan ur likido eta gazia dagoen zantzuak aurkitu du AEBko Espazio Agentziak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko Espazio Agentziak (NASA) baieztatu egin du Marten ur likido gazia dagoela. Hain zuzen ere, planeta horretan ikus daitezkeen lorratzak urez osatuta daudela jakinarazi du.
Aurkikuntza Nature Geoscience aldizkarian publikatu dute, eta horren berri Jim Green NASAren Planeta Zientzien zuzendariak eman du, prentsaurrekoan.
NASAk gogorarazi du ura "funtsezkoa" dela bizitzarentzat, eta Marten ur likidoak egoteak ondorioak izango dituela esplorazioan.
Nolanahi ere, ur jarioa udan eta udaberriaren zati batean baino ez dute atzeman. Gatza duelako ez da izozten.
Adituek ez dakite oraindik nondik atera den ur hori edota nola sortu den. Are gehiago, arraro samar omen da aipatutako lorratzak leku lehorretan daudelako.
Hainbat hipotesi daude uraren jatorria ulertzeko. Adibidez, lur azpian eratu izana, eta izotza urtu eta gero azaleratu izana.
Beste aukera bat: planetaren atmosferak igorritako lurrinaren ondorioz eratu izana.
Dagoeneko ezaguna zen Martek ozeano bat izan zuela duela 4.500 milioi urte, eta planetaren % 19 hartzen zuela. Planetaren lur azpian izotza edota akuiferoak egon litezkeela ere susmatzen zuten zientzialariek, baina orain egiaztatu egin dute gainazalean ur likidoa dagoela.