Gizartea -

2014ko memoria

Delitu kopuruak behera egin du EAEn, modu "oso esanguratsuan'

Delitu mota gehienak jaitsi badira ere, aipagarria da administrazio publikoaren kontrakoek izan duten gorakada: % 206 hazi dira.

Juan Calparsoro. 2014ko Memoria.
Juan Calparsoro. 2014ko Memoria.
Adminsitrazio publikoaren aurkako delituak igo dira

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014an behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) salatutako delitu kopuruak, eta "oso modu esanguratsuan" (% 5,23) egin du gainera, Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak azpimarratu duenez. Delitu gehienek behera egin badute ere, bada salbuespen bat: administrazio publikoaren kontra egindakoak, % 206 igo baitira.

2014. urteari dagokion Fiskaltzaren Memoria aurkeztu du Calparsorok prentsaurrekoan. Beherakada "oso esanguratsu" hori ondasunaren kontrako delituetan ere atzeman da (honek biltzen ditu delitu gehien).

Aipagarria da administrazio publikoaren kontrako delitu kopuruak izandako hazkundea: 2013an 66 kasu izan ziren, eta 202, iaz. Prebarikazioa, ustelkeria, diru publikoaren bidegabeko eralgitzea edota funtzionarioei desobeditzea daude horien artean. Zehatz esanez, 29 prebarikazio kasu egon ziren iaz (2013an, 17), eta diru publikoa bidegabe eralgitzeagatik 27 auzi zenbatu dituzte (duela bi urte, lau izan ziren).

Krisi ekonomikoaren ondorioz, seme-alaben pentsioa ez ordaintzeagatik irekitako espediente kopuruak ere gora egin du, % 6,91, hain justu. Horrez gain, adingabeen kontrako delituak jaitsi egin dira, baina etxe barruko indarkeriari lotutakoak % 14 igo dira (2014an 163 izan ziren; 2013an, 142).

Orokorrean, behera, "oso modu esanguratsuan"

Calpasororen esanetan, iaz 109.468 izapide abiatu zituzten EAEko epaitegiek; 2013an, 115.520. Horrek agerian utzi du, haren hitzetan, delitu kopuruek urtez urte azaleratu duten beheranzko joera.

Lurraldeka, 19.471 delitu salatu ziren Araban; 33.418, Gipuzkoan, eta 56.579, Bizkaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Delituak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Lapurretak