Gizartea -
Andrea kasua
Epaitegiak Andrearen egoerari buruzko datuak eskatu ditu
Ospitaleko pediatria zerbitzuak epaitegi berak aurretiaz igorritako auto batean oinarritu ditu bere erabakiak.
Agentziak | Erredakzioa
Santiagoko lehen auzialdiko 6. epaitegiak Santiagoko Unibertsitate Ospitaleari (CHUS) eta Galiziako Auzitegi Medikuntzari (Imelga) 12 urteko Andrea umearen egoerari buruzko informazioa eskatu die. Andrearen gurasoak heriotza duina ari dira eskatzen berarentzat.
Aurretiaz, ospitaleko zuzendaritza bera izan zen auzitegira jo zuena, bai ezarritako plangintza terapeutikoaren gainean, bai hura aldatzeko aukeren gainean haren iritzia ezagutzeko.
Ospitaleko pediatria zerbitzuak epaitegi berak aurretiaz igorritako auto batean oinarritu ditu orain arteko bere erabakiak. Auto hori uztailean igorri zuen epaitegiak.
Gauzak horrela, epaitegiak umearen historia kliniko osatua eskatu du, ospitalean sartu zenetik izan duen eboluzioarekin; aldi berean, honako beste hauek ere galdatu ditu: asistentziaren etikako komitearen txostena (irailaren 14an azaldu zuen batzorde horrek bere jarrera) eta pediatria zerbitzuburuaren txostena "eguneratua eta zehatza. Txosten horrek pazientea egoera terminalean ez dagoela eta gehiegizko min edo sufrimendu egoerarik jasaten ez duela dioten irizpide klinikoak zehaztu beharko ditu gutxienez".
Auzitegiaren arduradunak Imelgari ere luzatzen dio bere eskaera. Izan ere, hari eskatzen dio zehatz dezala ea pazienteak duena atzera bueltarik gabeko gaixotasun sendaezina den, eta ea hilurreneko egoeran dagoen; horrez gain, baita ea pediatria zerbitzuak ezarritako prozedura apartekoa edo gehiegizkoa den pazientearen hobekuntza-aurreikuspenen aurrean eta ea prozedura horrek pazienteari neurriz kanpoko minik eragiten ote dion ere.
Epaileak adierazi duenaren arabera, behin probak aztertuta eta auzitegi-medikuaren txostena ebaluatuta, adingabearen gurasoak deituko ditu.