Gizartea -
Uholdeak Kosta Urdinean
Frantziako uholdeen eraginez falta diren lau pertsonaren bila ari dira
Dena den, erreskate taldeek ez dute horiek bizirik aurkitzeko itxaropen handirik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igande goizaldean Frantziako Kosta Urdinean eurite gogorrak izan zirenetik falta diren lau pertsonaren bila ari dira. 17 pertsona hil dira uholdeen ondorioz eta kalte material handiak eragin ditu dozena erdi herritan.
Dena den, erreskate taldeek ez dute horiek bizirik aurkitzeko itxaropen handirik.
Falta diren lau lagunetako bi dagoeneko identifikatu dituzte; Mandelieu-la-Napoule herrian, bata, eta sarbide zaila duen Canneseko aparkaleku batean dago bestea, baina oraindik ezin izan dute haren gorpua berreskuratu.
Gaur oraindik ere nabariak dira euriteen ondorioak, eta, besteak beste, urak eramandako auto ugari pilatuta daude kaleetan.
Bestalde, suhiltzaileek eta herritarrek garaje, etxebizitza eta lokaletatik ura eta lohia ateratzen jarraitzen dute.
François Hollande Frantziako presidentea uholdeak izandako eremuan izan zen atzo, eta hondamendi natural izendatu eta kalte-ordainak hiru hilabeteko epean emateko konpromisoa hartu zuen.