Gizartea -
Epaia
18 urteko kartzela zigorra, Barakaldon alabaordea hiltzeagatik
Epaileak frogatutzat jo du gizonak hiru urteko neskatoa kolpatu zuela, adingabea "hil zezakeela jakinda".
Agentziak | Erredakzioa
Epaileak 18 urteko kartzela zigorra ezarri dio V.M.D.-ri, Barakaldon 2013an alabaordea hil izana egotzita epaitutako gizonari, neskatoa azpikeriaz hiltzeagatik, eta senidetasun astungarriarekin.
Kartzela zigorra ezartzeaz gain, Yaisha D.S. biktimaren amari 105.133 euro eta aitari 76.460 euro ordaindu beharko dizkie, kalte-ordain gisa.
Epaiaren arabera frogatuta geratu denez, gizonak "adingabeari lepoaldetik heldu zion eta etxebizitzaren sarrerako hormaren kontra jo zuen neskatoaren burua, gutxienez birritan. Gizonak jakin bazekien kolpe horiekin posible zela neskatoa hiltzea. Adingabearen adina kontuan hartuta, gainera, biktimak ez zuen defendatzeko aukerarik izan".
Ondoren, "larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, neskatoa eskaileretatik behera jausi zela-eta, laguntza eskatzeko. Medikuak Yaisha suspertzen saiatu ziren; alferrik, ordea".
Gizonak emandako kolpeen ondorioz, "adingabeak burezurreko traumatismoa eta garuneko edema izan zituen, eta horien ondorioz hil zen".
Joan den astean, herri-epaimahaiak errudun jo zuen akusatua, eta frogatutzat jo zuen gizonezkoak Yaisha hil zuela. "Ez nahita", baina bai "hura hiltzea posible zela jakinda", eta azpikeria larrigarria gaineratu zuen. Izan ere, "adingabearen adina kontuan hartuta, akusatuak defendatzeko aukerarik eman gabe hil zuen".