Gizartea -
Epaia
Barakaldon alabaordea hil zuen gizona errudun jo du epaimahaiak
Herri-epaimahaiak azpikeriaz egindako hilketa delitu bat egotzi dio gizonari. Senidetasun larrigarria ere leporatu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herri-epaimahaiak errudun jo du Victor Manuel D.S., hots, 2013ko urrian Barakaldon 3 urteko alabaordea hiltzea egotzita epaitutako gizonezkoa.
Hain zuzen ere, azpikeriaz egindako hilketa delitu bat leporatu diote, eta senidetasun larrigarria gehitu diote.
Hori horrela, Fiskaltzak eutsi egin dio 18 urteko espetxe-zigor eskaerari. Akusazio partikularrek (umearen gurasoak) 18 eta 20 urte eskatu dituzte.
Epaimahaiak frogatutzat jo du gizonezkoak Yaisha hil zuela. "Ez nahita", baina bai "hura hiltzea posible zela jakinda", eta azpikeria larrigarria gaineratu dute. Izan ere, "adingabearen adina kontuan hartuta, akusatuak defendatzeko aukerarik eman gabe hil zuen".
"Akusatuak ez zuen nahita hil, ez zuen hilketa aldez aurretik prestatu eta ez zuen neskatoa hiltzeko helburua; baina ekintza [erasoa] egiten hasi zenean, bazekien edo jakin behar zuen umea hil zezakeela, eta ez zitzaion axola izan, eta ez zen gelditu", argudiatu dute.
Eraso egin zion umeari
2013ko urriaren 3an neskatoa hil zenetik, umea etxeko eskaileretatik erori zela esan zuen gizonak. Epailearen eta herri-epaimahaiaren aurrean, baina, beste bertsio bat eman zuen: etxeko atea "indartsu" ireki zuela, eta alabaordea nahi gabe kolpatu zuela.
Bi bertsio horiek, baina, ezeztatu egin zituzten adituek. Gorpuari autopsia egin eta gero, umeari eraso egin ziotela ondorioztatu zuten auzitegi medikuek. Hain zuzen ere, gizonak lepotik hartu zuen, indartsu, eta kolpatu egin zuen. Ondorioz, neskatoak bi traumatismo zituen buruan.