Gizartea -
Galizia
Andreak heriotza duina izango du
Ospitaleak onartu egin du 12 urteko neskatoari elikatzeko makina kentzea. Lokartuta izango dute hil arte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santiagoko (Galizia) Ospitaleak atzera egin du, eta azkenean kendu egingo dio elikatzeko makina Andrea Lagori, endekapenezko gaixotasun sendaezin bat duen 12 urteko neskatoari. Horrenbestez, neskatoak heriotza duina izan ahalko du, gurasoek eta medikuek adostuta.
Familiaren abokatuak azaldu duenez, neskatoa "egun batzuen buruan" hilko da. Bien bitartean, lokartuta izango dute.
Neskaren gurasoak epailearekin bildu dira gaur goizean, eta horrek medikuekin akordioa lortzeko deia egin die. Ondoren, elikatzeko makina kentzea eta adingabea lokartzea adostu dute osasun zentroarekin.
Familiaren abokatuaren esanetan, Estela Ordoñez eta Andonio Lago gurasoek txalotu egin dute alabak heriotza duina izan ahal izatea.
"Argi dagoena da Andreak amaiera goxoa izango duela, orain arte izan duen bizimodua baino errazagoa", gaineratu du.