Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume baten gorpua aurkitu dute indarkeria zantzuekin Palentzian
Ondoko etxebizitzan urkatuta zegoen gizon baten hilotza ere aurkitu dute, beraz, emakumeen aurkako indarkeria kasu bat izan litekeela uste dute.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak indarkeria zantzu nabarmenak zituen emakume baten gorpua eta urkatuta zegoen gizon baten hilotza aurkitu ditu Palentziako Guardo herrian. Hala, agenteek ez dute baztertzen emakumeen aurkako indarkeria kasu bat izatea, Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritzak jakitera eman duenez.
Taberna baten jabeak deitu dio Guardia Zibilari gas usaina zegoela ohartaraziz. Agenteak bertaratu direnean, lehenengo urkatuta zegoen gizona aurkitu dute, eta gaineko etxebizitzan, indarkeria zantzu nabarmenak zituen emakume baten gorpua.
Gainera, etxebizitzako gas hodia irekita zegoela ikusi dute.
Ikerketa abiatu dute, eta litekeena da emakumeen aurkako indarkeria kasu bat izatea, nahiz eta salaketarik ez zegoen jarrita.
Baieztatuko balitz, 24 orduan Espainiako Estatuan indarkeria matxistak hildako bosgarren emakumea izango litzateke, Pontevedrakoaren, Murtziakoaren, Zamorakoaren eta Erandiokoaren ostean.
---------------------------------------
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.