Gizartea -
Heriotza duina
Andrea hil egin da, elikadura artifiziala kendu ostean
Europa Press albiste-agentziaren arabera, ospitaleak astelehenean onartu zuen gurasoen eskaria, haurrari elikadura artifiziala kentzea, heriotza duina izan zezan.
agentziak | erredakzioa
Andrea, gaixotasun neurodegeneratibo sendaezina zuen haurra, hil egin da, Europa Press albiste-agentziaren arabera.
Santiago ospitaleak astelehenean onartu zuen gurasoen eskaria, haurrari elikadura artifiziala kentzea, heriotza duina izan zezan.
Elikadura artifiziala kentzeko eskaria onartu zietenean, "intimitatea" eskatu zuten Estela Ordoñez eta Antonio Lago gurasoek alaba zaharrenaren heriotza iristen zenerako. Andreak gaixotasun arraro bat zuen jaio zenetik, izenik ere ez omen duen gaixotasuna.
Santiagoko ospitalean egon da ingresatuta haurra, eta terapia plana aldatzea erabaki zuten haurraren osasun egoera aldatu zenean.
Ospitaleak epaitegiari eta haurraren gurasoei eman zien "aldaketa klinikoen berri", eta Justiziaren eta gurasoen oniritziarekin, gastrostomia bidezko elikadura kendu zioten.
Pediatria zerbitzuak esan du "une oro indarrean dagoen araudia" errespetatu dutela.