Gizartea -
Indarkeria matxista
Zorrotzako eraso matxistaren ustezko egilea atxilotu dute
Erasoa salatzeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek arratsalde honetan Zorrotzan.
eitb.eus
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du joan den ostiralean, Zorrotzan, emakumezko bat bortxatzen saiatzea leporatuta, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez. Atxiloketa Bilbon egin dute, 17:30 inguruan.
Erasoa salatzeko ehunka lagunek manifestazioa egin dute arratsalde honetan Zorrotzan, 'Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean. Gertakaria jazo zen inguruan argiztapena eta segurtasuna areagotzeko eskatu diote Udalari.
Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu zuen emakumeak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, Zorrotzako auzo-elkarteko hainbat iturrik eitb.eus-i azaldu diotenez.
Erasoa ostiralean jazo zen, 06:00ak aldera. Emakumea kalera atera zen, txakurrak paseatzera. Hermogenes Rojo kalean, anbulantzia-parking batean, gizonezko bat emakumea bortxatzen saiatu zen. Horrek aurre egin zion, eta ustezko erasotzaileak jipoi handia eman zion.
Oihuak entzunda, anbulantzietako langileek emakumezkoari laguntza eskaini zioten. Orduan, gizonezkoak ihes egin zuen, eta emakumea ospitalera eraman zuten.
Emakumeak zauri larriak ditu aurpegian, eta litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea.
_________________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.