Gizartea -
Stock Euskadi Azoka
% 80rainoko beherapenak, gaurtik aurrera Barakaldoko BEC erakustazokan
162 saltokik hartuko dute parte Stock Euskadi Azokaren 9. edizioan. Igandera bitartean, 45.000 bisitari espero dituzte antolatzaileek, % 80rainoko beherapenak izango baitira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
162 saltoki hartzen ari dira parte Stock Euskadi Azokaren 9. edizioan, BEC! erakustazokan, Barakaldon. Azaroaren 6tik 8ra, 45.000 bisitari espero dituzte antolatzaileek, % 80rainoko beherapenak izango baitira.
Francisco de la Sierra azokako zuzendariaren arabera, azoka "erabat finkatuta" dago, eta EAEko merkataritza egutegian "hitzordu oso garrantzitsua da", dagoeneko. Urtean bi aldiz egiten da azoka: martxoan eta azaroan.
Eskaintzari eta bisitari kopuruari dagokionez, EAEn egiten den outlet azokarik handiena da, eta Espainiako Estatuko hirugarrena, nabarmendu du De la Sierrak.
Bederatzigarren edizio honetan parte hartzen ari diren dendarien % 65 Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira, eta, batez ere, modarekin, osagarriekin, osasunarekin, kirolarekin, etxerako tresnekin eta aisiarekin lotutako produktuak eskaintzen ari dira bertan.
De la Sierraren hitzetan, parte-hartzaile guztiek zorrotz betetzen dute merkataritza araudia, etiketatuari eta produktuen bermeari dagokienez, eta erositako produktuak itzultzeko arazorik ez dela egon behar gaineratu du, betiere, ezarritako araudia errespetatuz.
Sare sozialak eta zozketak
Erosleari informazioa emateko eta eskaintza berezienen ingurukoak zabaltzeko, pantaila handi bat jarri da azokaren sarreran. Sare sozialen bidez ere zabaltzen ari dira informazio hori guztia.
Halaber, aurreko edizioetan egin den moduan, 3.000 euroko txeke bat zozkatuko da bisitarien artean.