Gizartea -

LEGEDIA

Homosexualei odola ematea baimenduko die Frantziak 2016tik aurrera

Aurreikuspenen arabera, debekua bertan behera uzteak, urtean 21.000 odol emaile berri gehiago egotea ekar dezake. Egunean, 10.000 odol-emate behar dira Frantzian.

Odola ematea
Odola ematea
Odola ematea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon homosexualei odola ematea baimenduko die Frantziak 2016tik aurrera, betiere, "kontrol mekanismo" batzuk igarota. Hala baieztatu du Marisol Touraine Osasun ministro frantziarrak.

"2016eko udaberritik aurrera ez zaio inori sexu orientazioagatik odola emateko debekua ezarriko. Odola jasoko dutenen segurtasuna erabatekoa izango da", esan zu Tourinek, Le Monde aldizkarian egin dioten elkarrizketan.

1983tik Frantziak homosexualek odola emateko debekua ezarrita du, hiesa kutsatzeko eta zabaltzeko arriskua dagoela argudiatuta.

Ministroaren arabera, debekua bertan behera utziko da, eta "kontrolatuta" egingo dira homosexualen odol-emateak. Odola eman aurreko hilabetetan izandako sexu-harremanen arabera utziko zaie odola ematen gizon homosexualei.

Lehendabiziko odol-emateen analisiek erakutsiko dute, Tourainen hitzetan, arriskurik dagoen edo ez; arriskurik ez dagoen kasuetan, gainerako herritar guztiei ezartzen zaizkien arau berberak ezarriko zaizkie. Odol-emaileek bete behar izaten duten galdetegia moldatu egingo dutela aurreratu du ministroak.

Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak babestu egin zuen, joan zen udaberrian,  gizon homosexualek odola ematea debekatuta izatea, debeku hori "justifikatuta" dagoen kasuetan.

Aurreikuspenen arabera, debekua bertan behera uzteak, urtean 21.000 odol emaile berri gehiago egotea ekar dezake. Egunean, 10.000 odol-emate behar dira Frantzian.

Homosexualen elkarteek aurrerapausotzat jo dute Frantziako Gobernuaren erabakia, baina bazterkeria errotik desagertu behar dela aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Medikuntza albisteak LGTBI+ albisteak Frantziako Gobernua