Gizartea -

Ezbeharra

31 urteko nafar bat hil da Behobia-Donostia lasterketan

Horrez gain, lasterkari kopuru zehaztugabea ospitalera eraman behar izan dute bero-kolpeak jota, lasterketan zehar izan dituzten tenperatura altuen eraginez.

Behobia-Donostia lasterketaren 51. edizioa Argazkia: Efe
Behobia-Donostia lasterketaren 51. edizioa Argazkia: Efe
Behobia-Donostia lasterketaren 51. edizioa Argazkia: Efe

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

31 urteko korrikalari nafar bat hil da Behobia-Donostia lasterketan bihotz-biriketako geldialdia izan ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

Antza denez, Segurtasun Sailak 11:55ean izan du abisuaren berri. Gurutze Gorriak Boulevardeko helmugan zuen karpan bihotz-biriketako geldialdia izan duen korrikalaria suspertzen ahalegindu dira, eta larrialdiko anbulantzia batean eraman dute Donostia ospitalera. Azkenean, ordea, Donostia ospitalean hil da korrikalaria.

2002 urtetik hona Behobia-Donostia lasterketan hiltzen den laugarren korrikalaria da gaurkoa. Horrela, 2002an,23 urteko Asier Torrente gaztea hil zen; helmugatik metro gutxira zegoela bihotz-geldialdi bat izan zuen, eta handik lau egunera hil zen Donostia ospitalean. Zortzi urte geroago, 2010ean, Cesar E.B. 40 urteko korrikalari bizkaitarra hil zen helmugatik ia kilometro batera, bihotzekoak jota. 2013an, Zizur Nagusiko 30 urteko emakume bat hil zen Zurriolako zubian bihotz-biriketako geldialdia izan ondoren.

Hainbat korrikalari ospitalean, bero-kolpeen eraginez

Bestalde, lasterkari kopuru zehaztugabea ospitalera eraman behar izan dute bero-kolpeak jota, lasterketan zehar izan dituzten tenperatura altuen eraginez. Antolakuntzako iturriek adierazi dutenez, gaurko eguna azaro batean inoiz izan den egunik beroenetakoa izan da. Gauzak horrela, Hondarribiko aireportuko estazio meteorologikoan 29 gradu neurtu dituzte egunean zehar.

Iturri berek baieztatu dutenaren arabera, aurtengo edizioa izan da Gurutze Gorriak pertsona gehien artatu behar izan dituena, bi inguruabarrek bat egin baitute: inoizko parte-hartze handienak eta tenperatura oso altuak.

Beste pertsona bat ere hil da, baina ez zuen lasterketarekin zerikusirik

Halaber, beste pertsona bat ere hil egin da lasterketa egin den ibilbidetik gertu, infartu baten ondorioz. Alabaina, zorigaizto horrek ez du lasterketarekin inolako harremanik izan. Dirudienez, gizonezkoa lasterketa-irteeran zegoen Gurutze Gorriaren karpan artatu dute, handik hurbil zegoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Behobia zuzenean gaur Donostiako informazioa Eguneko albisteak