Gizartea -
Bilboko Metroaren urteurrena
Milaka bizkaitarren bizitza aldatu zuen azpiegiturak 20 urte bete ditu
1995eko azaroaren 11n egin zuen metroak estreinako bidaia. Bizkaitarrek gehien erabiltzen duten garraiobidea da. Rementeriak Arizko mantentze-lanetarako langileei bisita egin die gaur.
eitb.eus
Egun berezia da gaurkoa, milaka eta milaka bizkaitarren bizitza aldatu zuen azpiegiturak 20 urte bete dituelako. Bi hamarkada horietan, Bilboko metroa zabaltzen jarraitu dute, eta erabiltzaileen balorazioa, oro har, oso ona da, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.
Metrorik gabe ez dago Bilbo eta Bizkaia ulertzerik. Gainera, metropolialdeko hiri eta herri askok, Barakaldok edo Basaurik, esaterako, eraldatzeari ekin diote garraiobideari esker.
Garraio publikoa erabiltzen duten bizkaitarren erdiak baino gehiagok metroa hartzen dute. Hala, bizkaitarrek gehien erabiltzen duten garraiobidea da.
Hortaz, egoitza eta geltokiak apainduta izango dira gaur, egun osoan. Halaber, ezohiko bisita izan dute Arizko mantentze-lanetarako langileek, bertara joan baitira metroko presidente eta Bizkaiko ahaldun nagusia, Unai Rementeria, eta Eneko Arruabarrena, metroko zuzendaria.
1.352 milioi bidaiari
Urte hauetan guztietan, lurraldeko garraio publikoaren bizkarrezur bilakatu da. 1995eko azaroaren 11n egin zuen metroak estreinako bidaia, eta 1.352 milioi bidaiarik erabili dute ordutik.
13 trenekin hasi zen zerbitzuak gaur egun 46 tren, bi linea eta 41 geltoki ditu, 14 udalerri zeharkatzen ditu eta 800. 000 biztanleri ematen die zerbitzua.
4.000 milioi euroko eragina
Ekonomia arloari dagokionez, 2013ra arte, Euskadiko barne produktu gordinari 4.000 milioi euroko ekarpena egin dio, eta Barakaldo eta Basauri, besteak beste, zeharo aldatu dira metroarekin.
Hala ere, metroak hazten jarraitu nahi du. 2016ari begira, erronka nagusia hirugarren linea martxan jartzea da, baina Urdulizko geltokia irekitzea (lurperatzen ari dira) eta hiru lurraldeetako sistemak bateragarri egitea ere helburu garrantzitsuak izango dira.