Gizartea -
Lanuzteen bosgarren eguna
Lufthansaren grebak bederatzi hegaldi bertan behera utzi ditu Loiun
Guztira, Frankfurt, Munich eta Dusseldorf abiapuntu edo helmuga zuten 931 hegaldi utzi ditu bertan behera Alemaniako konpainiak grebaren bosgarren egunean.
eitb.eus
Frankfurt edo Munich helmuga zuten bederatzi hegaldi bertan behera geratu dira Loiuko aireportuan Lufthansaren greba dela-eta, Bilboko aireportuaren iturriek jakitera eman dutenez. Hegazkineko laguntzaileen lanuztearen ondorioz, Alemaniako konpainiaren hegaldi bakarra abiatu da.
Guztira, Frankfurt, Munich eta Dusseldorf abiapuntu edo helmuga zuten 931 hegaldi utzi ditu bertan behera Lufthansak grebaren bosgarren egunean. Neurriak 96.000 bidaiariri eragingo die, airelinearen arabera.
UFO sindikatuak deitutako greba ostiralean hasi zenetik, 2.286 hegaldi geratu dira bertan behera, eta lanuzteak ia 350.000 bidaiariri eragin die.
Grebak ez die Germanwings, Eurowings, Lufthansa CityLine, SWISS, Austrian Airlines, Air Dolomiti eta Brussels Airlines Alemaniako konpainiaren filialei eragiten.
Barkamena
Grebak eragindako eragozpenak direla eta, Lufthansak barkamena eskatu die bidaiariei, eta lanuzteen eragina murrizteko eta bidaiariak informatzeko ?eginahalak? egin dituela esan du.
Hala ere, aireportura joan baino lehen LH.com atarian hegaldien egoera egiaztatzeko eskatu die bidaiari guztiei.
Konpainiako zuzendaritza eta hegazkineko laguntzaileen sindikatu nagusia pentsio planei eta erretiroa hartzeko adinari buruz eztabaidatzen ari dira. Langileek eta kontratatu berriek erregimen bera izatea nahi du sindikatuak. Zuzendaritzak, aldiz, aldi baterako erregimen bat proposatu du langile berrientzat.